Gizartea -

KORONABIRUSA

EAEk 1.217 kasu atzeman ditu, adierazle nagusiak gorrian dituela

Okerrera egin dute ZIUetako egoerak, R0ak eta intzidentzia metatuak. Azken 14 egunetan 415 kasu pilatu dira 100.000 biztanleko, eta hala, erkidegoa gune latzenean sartu da.

Osasun langile bat proba diagnostiko bat egiten. Argazkia: EFE
Osasun langile bat proba diagnostiko bat egiten.
Abiadura bizian ari da birusa zabaltzen EAEn

1:17

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1.217 kasu azken 24 orduetan. Milakoen langa gaindituta heldu da Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) uztailaren 15 honetara. Kutsatze kopuru kezkagarria nahikoa ez balitz, Bizi Berri planean jasotako adierazle nagusienak negatiboan daude. Intzidentzia tasa metatuak ere gora egin du, erietxeetako egoera gehiago tenkatu da (gaixo kritiko gehiago) eta igo egin da positibo batek zenbat pertsona kutsatzen dituen adierazten duen zenbakia (R0a). Indize hori bigarren egunez hazi da, eta 1,36an kokatu.

Asteazkenari dagokion buletin epidemiologikoari begiratu azkar bat ematea nahikoa da igartzeko zein kolore den nagusi: gorria. Horixe da, hain justu, izurriak erkidegoan utzitako egoera margotzeko erabili beharreko kolorea, 100.000 biztanleko tasa metatuak 400eko langa pasatu baitu. Zehazki, 461koa da pilatutako tasa, bezperan baino 37 puntu gehiagokoa.

Atzokoan 11 449 proba diagnostiko egin zituzten, eta horietatik % 10,6 positibo izan ziren. Positibotasun tasak bi puntu egin du gora (asteartean % 8,5ean kokatu zen). Lurralde guztietan sumatu da igoera, baina azpimarragarria da Gipuzkoakoa (+104, 502 positibo denera), eta, apalagoa izan bada ere, baita Arabakoa ere (+60, 154 kasu). Bizkaiak 511 positibo zenbatu ditu, bezperan baino 49 gehiago. horiei guztiei EAEtik kanpo bizi diren beste 50 pertsonena batu behar zaizkie.

Datuokin pilatutako intzidentzia orokorra 415 kasutan dago, baina are gorago dago Gipuzkoakoa, 502 kasu metatu baititu 100.000 biztanleko. Bizkaiak 352 puntutan du tasa, eta Arabak, 312tan. Birusa inokulatu gabe dagoen gazteria erasaten ari da gogorren, eta horren adierazle dira datuak ere: 18 urte beherakoen artean 277 positibo zenbatu dituzte eta talde horretan intzidentzia metatua 680 kasukoa da. Gorago daude, dena den, 19-39 urtekoen zenbakiak: 668 kutsatze berri eta 957ko pilatutako tasa 14 egunetan. 65 urte baino gehiago dituztenen intzidentzia gazteena baino 10 aldiz txikiagoa da, baina gorako joera ez da eten azken egunetan.

Erietxeetan, 31 pertsona eraman dituzte gela arruntetara (bezperako datua errepikatuta), eta guztira, 98 dira covid-gaixoak (aurreko egunean baino bat gutxiago). ZIUetan, ordea, okertu egin da egoera, eta beste bi gaixo kritiko daude gaur (28, denera). Zehaztu behar da Osasun Sailak ez duela lehen arretaren edota arakatze sarearen daturik ematen, eta beraz, horiek ez direla kontuan hartzen osasungintzako presioa neurtzeko. Dena dela, aztarnariek nabarmendu dute lanez lepo dabiltzala.

Transmisio altuak 5000 biztanle baino gehiagoko herrietan izan du isla, eta lau udalerri batu dira gorrian zeuden 23 horietara (Amurrio, Galdakao, Beasain eta Orio). Horrez gain, Gipuzkoako hiru udalerrik (Hernani, Urnieta eta Zumaia) 1.000tik gorako intzidentzia tasa metatuak dituzte, eta beste bi muga-mugan daude (Villabona eta Mutriku).

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak