Gizartea -
Koronabirusa
Lloret de Marrera egindako bidaia batekin lotutako agerraldi bat ikertzen ari da Osakidetza
Oraingoz 23 positibo baieztatu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan Lloret de Marrera egindako ikasturte amaierako bidaia batekin lotuta.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Osakidetza balizko koronabirus agerraldi bat ikertzen ari da Euskal Autonomia Erkidegoan, Lloret de Marrera egindako ikasturte amaierako bidaia batekin lotuta. Oraingoz 23 positibo baieztatu dituzte: 9 hara joandako lagunak dira eta 14 bidaiari horien kontaktu estuak.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak agerraldia egin du Mallorcara, Saloura eta Conilera egindako bidaiekin lotutako agerraldiei buruzko datuak emateko eta prentsaurreko horretan jakinarazi du Lloret de Marrera joandako hainbat ikaslek positibo eman dutela.
Mallorcako bidaiarekin lotuta, 302 positibo izan dira; Saloukoarekin lotuta, 401; eta Conilekoarekin lotuta, 42. Azken bi agerraldi horien kasuan baheketak ez dira amaitu eta, beraz, kutsatutakoak gehiago izan daitezke.
Bestalde, Sagarduik zehaztu du Irunen eta Hondarribian atzemandako kutsatzeen gorakada ez dela agerraldi baten ondorio izan.