Gizartea -
Koronabirusa
Lehendakariak uztailaren 7rako deitu du LABIren bilera
Orain arte hartutako neurrien eraginkortasuna aztertuko dute eta, pandemiaren bilakera kontuan hartuta, deseskalatze planarekin aurrera segitzea edo ez erabakiko dute.
EITB MEDIA
Iñigo Urkullu lehendakariak LABI batzorde instituzionalaren bilera deitu uztailaren 7rako. Positiboen tasak eta kutsatzeen kopuruak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan nabarmen gora egin duen egunean iritsi da deialdia.
Batzarrean Biziberri IV Plana onartuko dute eta pandemiari aurre egiteko neurri berriak hartzea beharrezkoa ote den aztertuko dute.
LABI instituzionala ekainaren 18an bildu zen azkenekoz, eta orduan neurriak malgutzea erabaki zuten, bilakaera ona zela kontuan hartuta.
Besteak beste, ostalaritzaren eta kultur ekitaldien ordutegia 02:00ak arte luzatzea eta elkarte gastronomikoak irekitzeko baimena ematea erabaki zuten.
Lehendakariak orduan jakinarazi zuen 20 bat egunen buruan beste bilera bat deituko zuela, neurri horien eraginkortasuna aztertzeko.
Aurrez, LABI batzordeko adituak bilduko dira pandemiaren bilakaeraren datuak aztertzeko. LABI politikoak adituek egindako txostena erabiliko dute oinarritzat, egun indarrean dauden neurri murriztaileak arintzea edo bere horretan mantentzea erabakitzeko.