Gizartea -

KORONABIRUSA

Covid-19aren transmisioak behera egiten jarraitzen du Euskadin

Intzidentzia metatua beste zazpi puntu jaitsi da, 125 kasukoa baita. R0 zenbakia ere ehunen bat jaitsi da, 0,81eraino, eta bi pertsona gutxiago daude ZIUetan.

Gizon bat Gasteizko parke batean. Argazkia: EFE.
Gizon bat Gasteizko parke batean
Gizon bat Gasteizko parke batean. Argazkia: EFE.

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren transmisioak behera egiten jarraitzen du Euskadin, eta adierazle ia guztiek hala erakusten dute. Intzidentzia-tasa metatua beste 7 puntu jaitsi da, 125 kasukoa baita. R0 oinarrizko erreprodukzio-zenbakia ere ehunen bat jaitsi da, 0,81eraino, eta bi pertsona gutxiago daude ZIUetan.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren datuen arabera, EAEk 165 positibo berri atzeman ditu, hau da, aurreko egunean baino 25 gutxiago, eta egindako probekin alderatuta (6.196) positibotasun tasa bi hamarren hazi da % 2,7raino.

Hala ere, 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatuak behera egin du berriro, ostegun honetan 125,47an kokatu baita; hau da, asteazkenean baino zazpi puntu beherago (132,74). Eguneko jaitsiera Araban (117,2) eta Bizkaian (135,9) baino handiagoa izan da Gipuzkoan (106,7).

Intzidentzia-tasen arrazoia (egungo 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa duela astebetekoarekin alderatzen duena) 0,72 da Euskadin (0,73 zen aurreko egunean).

Oinarrizko birsorkuntza-tasa, kasu positibo bakoitzak zenbat pertsona kutsatzen dituen neurtzen duena, 0,81eraino jaitsi da (0,82an zegoen bezperan). Nabarmentzekoa da Araban egun bakarrean izan den beherakada, 0,93tik 0,85era jaitsi baita. Bizkaian 0,85ekoa da eta Gipuzkoan 0,71koa.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, 107 positibo berri atzeman dituzte Bizkaian (asteazkenean baino zortzi gutxiago), 35 Gipuzkoan (aurreko egunean baino hiru gutxiago) eta 20 Araban (bezperan baino zortzi gutxiago).

19 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, aurreko egunean baino bederatzi gehiago, eta 71 pertsona daude gela arruntetan, aurreko egunean baino bi gehiago, baina duela astebete baino 25 gutxiago.

Hala ere, Zainketa Intentsiboetako Unitateetan (ZIU) 51 gaixo daude covid-19arekin, aurreko egunean baino bi gutxiago eta duela zazpi egun baino hamar gutxiago. Iazko urriaren 18tik ez da horren paziente kritikoen kopuru txikia erregistratu zainketa intentsiboetako unitateetan.

Ondorioz, ospitaleko presioa asko arindu da azken asteotan, 17 egunetan ospitaleratutako gaixoen kopurua erdira baino gehiago murriztu baita; izan ere, ekainaren 1ean 253 zeuden, eta ostegun honetan 122.

Hezkuntza-sisteman, ikasgela itxien kopuruak gora egin du, 36 ikasgela itxi baitituzte, aurreko egunean baino 6 gehiago. 31 zentrotan itxi behar izan dituzte gela horiek (5 zentro gehiagori eragin die, beraz),  baina ez dago aurrez aurreko jarduera erabat etenda duen ikastetxerik. Covid-19a dela eta, ikasgela guztien % 0,25 itxi behar izan dituzte.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak