Gizartea -

KORONABIRUSA

Bederatzi pertsona hil dira EAEn azken astean covid-19ak jota

Intzidentzia metatuak beherantz egiten jarraitzen du (100.000 biztanleko 137,79 kasutan dago) eta ospitaleetako egoera arintzen ari da.

Donostia Ospitalea. Artxiboko argazkia: EFE
Donostia Ospitalea.
Donostia Ospitalea. Artxiboko argazkia: EFE

Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken astean bederatzi pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) koronabirusa dela eta Eusko Jaurlaritzak Osasun Sailak gaur jakinarazi duenez. Aurreko astean baino bost gutxiago dira (orduko hartan 14 izan ziren zendutakoak).

Eguneko datuei dagokienez ere izan da hobekuntzarik. Buletin epidemiologikoaren arabera, Jaurlaritzako Bizi Berri III planean jasotako adierazle guztiek hobera egin dute. Aipagarria da azken 14 eguneko intzidentzia tasa metatuak ia bederatzi puntu jaitsi dela (100.000 biztanleko 137,79 kasutan dago).

Tasa horrek, beste adierazle batzuekin batera, lurraldearen egoera epidemiologikoaren larritasun maila zehazten laguntzen du. Atzokoan 150eko langatik behera jaitsi zen, abuztutik lehen aldiz. Hala, Euskadi arrisku maila ertainean kokatu da.

Astearte honetan 146 positibo berri atzeman dituzte 7.236 proba diagnostiko egin ostean (bezperan baino 770 gutxiago). Positibotasun tasa (egindako proba kopuru guztietatik positibo direnen portzentajea) egonkor mantendu da, % 2an (astelehenean % 1,8an zegoen). Lurraldeka, Bizkaia da zigortuena, 89 kutsatzerekin. Gipuzkoan 35 positibo zenbatu dituzte, eta Araban, 20. Horiei EAEtik kanpo bizi diren bi pertsonenak batu behar zaizkie.

Erietxeetako egoera, arintzen

Ospitaleetako egoera samurtzen ari da apurka-apurka. Astearte honetan 23 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte covid-9a dela eta, bezperan baino zazpi gutxiago. Hortaz, 84 lagun daude erietxeetako gela arruntetan, aurreko egunean baino 12 gutxiago eta duela astebete baino 24 gutxiago. ZIUetan, bestalde, 54 gaixo daude egoera kritikoan, bezperan baino bost gutxiago.

Gainerako adierazleek ere behera egin dute azken orduetan. Tasen arrazoia (egungo 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua duela astebetekoarekin alderatzen du) 0,74koa da EAEn (astelehenean, 0,76koa) eta oinarrizko birsorkuntza tasa (R0 delakoa) 0,82an dago. Azken horrek positibo eman duen pertsona batek kutsatutako lagunen kopurua zehazten du, eta 1etik behera egotea da gomendagarriena.

EAEko datu baikor horiek lurralde historikoen eta udalerri handien bilakaera onean ere ikus daitezke. Azken 14 eguneko intzidentzia tasari dagokionez, adibidez, Araban eta Gipuzkoan 128,40 eta 126,72 kasu dituzte 100 000 biztanleko, eta EAEko batez bestekoaren azpitik daude. Hala, Bizkaiak (144,29 kasu) bakarrik du datu okerragoa.

Horrez gain, koronabirusaren semaforoaren arabera, 5000 biztanle baino gehiagoko udalerri bakarra dago gorrian: Zalla (Bizkaia). Hiru hiriburuak horian daude, eta Bilbo kenduta (155,24 kasu 100.000 biztanleko), gainerakoak 150 kasutik behera daude.

EAEko ikastetxetan ere igarri da hobekuntza. Astearte honetan 18 ikasgela egon dira itxita (bezperan 44 ziren). Zarratuta ikasgelen kopurua ikasgela guztien % 0,13 da, Hezkuntza Sailaren arabera.

Datuok bi urtetik unibertsitatez kanpoko derrigorrezko hezkuntzari dagozkio, baina kontuan hartu behar da Batxilergoan eta Lanbide Heziketan ikasturtea amaituta dagoela.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak