Gizartea -
KORONABIRUSA
Aire librean maskara kentzeko aukera aztertuko du gaur Osasun Publikoko Batzordeak
Uztailetik aurrera, aire librean maskararik gabe ibiltzea defendatu du Nafarroako Gobernuak. Eusko Jaurlaritza, ostera, udan ere erabiltzearen aldekoa da.
EITB MEDIA
Espainiako Osasun Publikoaren Batzordearen baitan elkartuko diren Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoek maskararen erabilera izango dute aztergai gaur arratsaldeko batzarrean. Maria Chivite Nafarroako presidentearen ustez, litekeena da uztailetik aurrera aire librean maskararik erabili behar ez izatea. Eusko Jaurlaritzako ordezkariak zuhurrago mintzatu dira eta udan ere erabiltzearen aldeko agertu dira. Fernando Simon Espainiako Larrialdiak Kudeatzeko Zentroko kidearen esanetan, maskara kentzea epe motzeko kontua izan daiteke, baina ez du datarik aurreratu.
Fernando Simon Espainiako Osasun Ministerioko ordezkariak atzo aurreratutakoaren arabera, pandemiaren egungo egoera egokia da espazio irekietan maskara kentzeko. Datarik aurreratu ez bazuen ere, laster izango dela azpimarratu zuen. Hala ere, maskara egoera batzuetan soilik kendu ahalko da. Txertaketak aurrera egin ahala, progresiboa arinduko dira maskararen inguruko neurriak, baina toki itxietan oraindik ere beharrezkoa izango dela nabarmendu zuen Simonek.
Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan maskararen erabilerari buruzko erabakia Espainiako Gobernuari dagokio.
Pedro Sanchezen Gobernuak erabakiko duenaren zain, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak eman dute beren iritzia.
Nafarroaren kasuan, uztailetik aurrera aire librean maskara derrigorrezko ez izatearen aldekoa dela adierazi zuen atzo Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak. Dena dela, azken erabakia Espainiako Gobernuari dagokiola gogoratu zuen.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, bere aldetik, zuhurrago mintzatu zen atzo. Maskararen erabilera arintzeko datarik aipatu gabe, udan ere erabiltzen jarraitzearen aldekoa zela gehitu zuen.
Gaur arratsaldeko bilerako beste hizpideetako bat oporlekuetan txertoa jartzeko aukera izango da. Andaluziak, Kantabriak, Errioxak, Nafarroak edo Galiziak babestu dute proposamena. Aurreko asteko bileran, gaiari buruzko erabakia hartzeko astebete gehiagoko epea eman zioten elkarri Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoek.