Gizartea -
KORONABIRUSA
Asistentzia-presioa hobetu egin da EAEn: 108 gaixo gela arruntetan eta 77 ZIUetan
Intzidentzia metatuak behera egiten jarraitzen du, 180 kasuan dago eta R0 0,83an mantendu da. Positiboak aurreko egunean baino apur bat gutxiago izan dira, 238 kasu orotara.
Naiara Ballesteros | EITB MEDIA
Asistentzia-presioa hobetu egin da EAEko ospitaleetan, batez ere gela arruntetan ospitaleratutako pertsonen artean, 108 (egun bat lehenago baino 13 gutxiago), baina baita zainketa intentsiboetako unitateetan dauden pertsona kritikoen artean ere; izan ere, hiru gaixo gutxiago dira bertan, guztira 77.
Positiboek behera egin dute apur bat, 238 kasu, asteazkenean baino 16 gutxiago, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera. Gainera, positiboen tasa hiru hamarren jaitsi da, % 3,1era arte.
Joan den asteazkenean 7.620 PCR eta antigenoen probak egin zituzten, eta 25 positibo atzeman dituzte Araban, 134 Bizkaian eta 76 Gipuzkoan, baita Euskaditik kanpo bizi diren beste hiru pertsona ere.
100.000 biztanleko intzidentzia-tasa metatuak 14 egunetan hobera egiten jarraitzen du Euskadin, eta 186,57 kasutik 180,89ra jaitsi da.
Lurraldez lurralde aztertuta, intzidentzia metatua jaitsi egin da bai Bizkaian, bai Gipuzkoan eta bai Araban. Hala, Bizkaia 187,81etik 182,59ra pasa da; Gipuzkoa 190,99tik 185,30era; eta Araba 157,17tik 150,81era.
R0k, gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duen indizea, 0,83an mantendu zen atzo, eta jaitsiera-astea eten zuen, baina 1etik behera jarraitzen du. Indize hori 0,88tik 0,84ra jaitsi da Araban, eta igo egin da Bizkaian eta Gipuzkoan, 0,85etik 0,87ra lehenengoan eta 0,77tik 0,78ra bigarrenean.
Intzidentzia-tasen arrazoia (egungo 14 egunetan intzidentzia-tasa metatua duela astebetekoarekin alderatzen du) 0,87 da Euskadi osoan (0,89 zen aurreko egunean).
Ikastetxeetako egoera ere hobea da. Asteazken honetan 43 gela itxi dituzte 32 ikastetxetan, hau da, eskola guztien % 0,30, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren datuen arabera.