Gizartea -
KORONABIRUSA
Kasuak 50en bueltan kokatu dira Nafarroan bosgarren egunez jarraian
Asteazken honetako 50 positiboak duela astebeteko 67 eta duela bi asteko 93 kutsatzeetatik urrun daude, gainera. Ospitalean 39 paziente daude.
Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA
Nafarroak 49 kutsatze zenbatu ditu azken orduetan, Foru Gobernuak emandako datuen arabera. Atzokoan 1.682 proba diagnostiko egin zituzten (bezperan baino 379 gutxiago) eta horietatik % 2,9 positibo izan ziren. Positibotasun tasak apur bat gora egin du, % 2,6an baitzegoen.
Hala, bosgarren egunez jarraian, 50 positibo inguru zenbatu dituzte (54 zenbatu zituzten bezperan). Gainera, behera egin dute duela astebete atzemandako 67 kasuekin alderatuta (17 gutxiago) eta are gehiago duela 14 egun zenbatutako 93ekin (43 gutxiago).
Bestalde, 34 pertsona daude ospitaleetan covid-19ak jota –bezperan baino bi gutxiago-, horietako 11 zaintza intentsiboetako unitateetan. Pandemia hasi zenetik 1.190 lagun hil eta 62.607 kutsatu dira Nafarroan.
Horrez gain, positibo berrien % 56 Iruñerrian antzeman dituzte, eta % 10, Tutera inguruan. Gainerakoak (% 34) Nafarroako beste eremu batzuetan eman dira.
Tuteran, Altsasun eta Zizur Nagusian zenbatu dituzte positibo gehien; launa kasu, zehazki. Zerrendan hurrengo postuetan ageri dira Sarriguren eta Lakuntza eta Iruñeko Txantrea eta Sanduzelai auzoak, hiruna positiborekin.