Gizartea -
Koronabirusa
Bi txertoak jaso dituztenen % 0,2 bakarrik kutsatu dira covid-19arekin EAEn
Bakarra jaso dutenen artean, portzentajea % 0,62koa da. 16 urtetik gorako pertsonen erdiek jaso dute dosiren bat Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
agentziak | eitb media
Covid-19aren aurkako txertaketaren ibilbidea osatu duten EAEko herritarren % 0,19 soilik kutsatu da koronabirusarekin, eta portzentajea % 0,62koa da dosi bakarra jaso dutenen artean.
Datu horiek eman ditu Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Rebeka Ubera EH Bilduren legebiltzarkideari emandako erantzunean. Horren arabera, maiatzaren 10eko datuen arabera, bi dosiak jaso dituzten 304.097 pertsonetatik 850ek eman dute positibo koronabirusa detektatzeko probetan.
Ordurako dosi bakarra jasota zuten 442.818 pertsonen artean, berriz, 2.779 ziren kutsatutakoak.
Gaur argitaratu dituzten datuen arabera, jada 881.015 pertsonak jaso dute lehenengo dosia, EAEko 16 urtetik gorako herritarren erdiek, eta 451.145ek (% 27) bi dosiak jaso dituzte.
Bestalde, EH Bilduk gaixotasuna izan ostean berriro kutsatu direnei buruz ere galdetu zion Sagarduiri, eta sailburuak erantzun du maiatzaren 19ra arte 828 zirela hiru hilabetetik gorako tartean bi aldiz positibo eman dutenak.