Gizartea -
KORONABIRUSA
Positiboak ia bikoiztu egin dira Nafarroan, eta 100etik gertu daude
Positibotasun tasa ere bezperakoa halako bi da (% 4,4). Gainera, 57 urteko pertsona bat hil da koronabirusaren ondorioz.
Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA
Positiboen gorakada nabarmena izan da azken orduetan Nafarroan, eta 100etik hurbil daude jada (93), Foru Gobernuak emandako datuen arabera. Halaber, atzo 57 urteko pertsona bat hil zen covid-19ak jota. Pandemia hasi zenetik 1.183 heriotza izan dira Nafarroan.
Atzokoan 2.101 proba diagnostiko egin zituzten (asteartean baino 101 gutxiago), eta horietatik % 4,4 izan ziren positibo. Positibotasun tasa, kutsatzeen kopurua bezala, bezperan jasotakoa halako bi da (% 2,3an zegoen).
Bezperan baino 43 positibo gehiago dira, eta duela astebete baino 33 gehiago, baina duela 14 egun atzemandako datuaren antzekoa.
Birusak gogorren astindutako udalerriei dagokienez, Azkoien nabarmendu da azken orduetan, 10 kutsatze atzeman baitituzte. Gainerakoan, Uharte Arakilen sei positibo zenbatu dituzte; Noainen, bost; eta Arroitzen eta San Adrianen, launa.
Ospitaleetako egoerari dagokionez, atzo, 51 paziente zeuden erietxean –bezperan baino bost gutxiago-, eta horietatik 11 zainketa intentsiboetako unitateetan artatzen ari dira –bat gutxiago-.