Gizartea -

KORONABIRUSA

Intzidentzia metatuaren beherakada moteldu egin da Euskadin eta 219 kasukoa da

R0 indizeak eta 7 eguneko intzidentzia-tasak gora egin dute berriro, eta ospitaleko presioak behera egiten jarraitzen du. Astelehenean 276 positibo berri atzeman dituzte, % 3,2ko positibotasunarekin.

Galdakaoko zainketa intentsiboetako unitatea. Argazkia: EFE.
Galdakaoko zainketa intentsiboetako unitatea
Galdakaoko zainketa intentsiboetako unitatea. Argazkia: EFE.

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Intzidentzia-tasa metatuak beheranzko joerari eusten dio Euskadin, 100.000 biztanleko 219 kasu izan baitira 14 egunetan; hala, "intzidentziaren jaitsiera moteldu da, baina jaisten jarraitzen dugu" eta "bide onetik", Gotzone Sagardui Osasun sailburuak jakinarazi duenez.

276 positibo berri utzi ditu pandemiak, bezperan baino 35 gehiago, baina positiboen tasa ia puntu eta erdi jaitsi da, % 3,2raino. Hala ere, R0 indizea 0,93tik 0,95era igo da, eta 7 eguneko intzidentzia-tasa ere berriro hazi da.

Osasun Sailak astearte honetan emandako datuen arabera, astelehenean 8.729 proba diagnostiko egin dituzte, igandean 5.228 proba egin ondoren, eta egindako proben positibotasun tasa % 4,6tik % 3,2ra jaitsi da.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, asteazken honetan 160 positiboren berri eman dute Bizkaian (igandean baino 35 gehiago), 91 Gipuzkoan (hiru gehiago), 19 Araban (sei gutxiago) eta 6 EAEtik kanpo bizi direnen artean.

Hamalau eguneko intzidentzia-tasa metatuak behera egiten jarraitzen du Euskadin. Igande honetan, 100.000 biztanleko 219,67 kasu izan dira, eta 228,8 izan ziren bezperan.

Intzidentzia horrek, gainera, hobera egin du lurralde guztietan: Araban 3 kasu jaitsi da 116,5era arte; Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, 10 kasu inguruko jaitsiera izan da, 249,8 eta 212 kasu zenbatu baitituzte, hurrenez hurren.

Hiriburuetan ere beheranzko joerari eutsi zaio, eta metatutako eragina 105,6 kasukoa da Gasteizen (100 kasuren mugatik jaitsi daiteke bihar), 269,5ekoa Bilbon eta 208,8koa Donostian.

Kurba epidemiologikoaren hobekuntza asistentzia-presioaren arintzean islatzen da. EAEko ospitaleetan, 40 pertsona ospitaleratu dituzte astelehenean, aurreko egunean baino 24 gehiago. Horrenbestez, 212 pertsona daude ospitalean, igandean baino bi gutxiago.

Gainera, zainketa intentsiboetako unitateetan (ZIU) 117 gaixo daude, igandean baino zazpi gutxiago.

Hala ere, alde negatiboa da R0 indizeak (kutsatu batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen erakusten du) goranzko bilakaera duela, sei egunez gora egin baitu. Atzo 0,95ean zegoen, bezperan baino bi ehunen gehiago; Araban ehunen bat hobetu eta 0,97an geratu zen arren, Bizkaian 2 ehunen okertu zen, 0,95era igo baitzen, eta Gipuzkoan 3 ehunen igo zen, 0,93ra iristeko.

Hala ere, Gotzone Sagarduiren hitzetan, "bide onetik goaz", eta, aurreikuspenen arabera, "datozen egunetan, 14 eguneko intzidentzia metatuaren balioa jaisten joango da".

Sailburuak gogorarazi duenez, "intzidentzia oso altua zen duela hilabete, 100.000 biztanleko 540 kasu baitzeuden, eta gaur egun 219 daude". Maiatzaren 17tik 23ra bitarteko asteko batez bestekoan 70 kasu gutxiago erregistratu zituzten egunero aurreko astean baino.

Zainketa intentsiboetako unitateei dagokienez, "okupazio oso altutik gatoz, Osakidetzako kritikoen unitateetan 194 pertsona genituen, eta gaur egun 117 daude", gaineratu du.

Sagarduiren hitzetan, "prebentzio neurri guztiak aplikatzen eta betetzen jarraitu behar dugu, guztiok nahi ditugun balioak lortu arte". "Tunelaren amaieran gaude, eta ezin dugu azken urtean egindako ahalegin guztia bertan behera utzi", esan du. "Gure esku dago, eta, horregatik, zuhurrak izaten jarraitu behar dugu gure bizitza sozialean, lanean eta familian, gomendatutako neurri guztiak errespetatuz: maskara, distantzia eta burbuila soziala, eskuak garbitzea eta aireztatzea", gaineratu du.

Bestalde, Hezkuntza sisteman behera egin du covid-19aren eraginak; izan ere, 49 ikasgela itxi dituzte gaur, eta 60 astelehenean. Aurrez aurreko jarduera erabat etenda duen zentrorik ez dago.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak