Gizartea -
Zaldibarko zabortegia
Manifestazio batek erantzukizun politikoak "garbitzea" eskatu du berriro Zallan
Zaldibar Argitu plataformak kritikatu duenez, "ez dute inongo gogoeta, erabaki edo norabide aldaketarik egin zaborren kudeaketan".
EiTB Media | Agentziak
200 pertsona inguruk manifestazioa egin dute Zallan (Bizkaia), Zaldibar Argitu plataformak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta, Zaldibarko zabortegian gertatutako luiziagatik erantzukizun politikoak "garbitzea" eskatzeko.
Manifestazioa Zallako udaletxetik abiatu eta Euskadi plazan bukatu da. Era berean, Joaquin Beltran langilearen familiari elkartasuna eta babesa adierazteko baliatu dute protesta. Zallako behargina harrapatu eta lurperatu zuen 2020ko otsailean, zabortegian, gertatutako luiziak.
Manifestazioa bukatu eta adierazpenak irakurri dituzte deitzaileek. Erantzukizun politikoak garbitzea eskatu eta Eusko Jaurlaritzaren jokabidea kritikatu dute.
Zaldibar Argitu plataformaren hitzetan, "Zaldibarko zabortegiaren hondamendia ez zen gertatu behar", eta "saihestea posible zen". "Ez dute inongo gogoeta, erabaki edo norabide aldaketarik egin zaborren kudeaketan", kritikatu duenez.
"Zaldibarren gertatutakoa berriz ez errepikatzeko pauso argiak eta erabakiak behar dituzte herritarrek. Gure arduradun politikoek bestaldera begiratzen eta arduragabe jokatzen jarraitzea ez dugu onartzen", azaldu dute.
Gainera, "Zaldibarren gertatutakoa, ingurumenari, langileei eta gizakiei egindako kalte guztiarekin, ezin da erantzukizunak garbitu gabe geratu", eta "lokatz guztia ezin da alfonbra azpian ezkutatu", azpimarratu dutenez.
Zallako (Bizkaia) manifestazioaren burua. Argazkia: EFE
"Norabide horretan erabakirik hartu behar ez izateko, bilaketa lanen atzean ezkutatu zen Eusko Jaurlaritza"; ondorioz, "orain bilatzeari uzteko erabakia hartu ondoren, gertatutakoaren ondorioak onartzeko eta erantzukizunak garbitzeko une egokia da, beharrezkoak diren kargugabetzeekin", erantsi dute.
Euskal Herriko Giza Eskubideen Kartak adierazi duenez, erantzukizun politikoak garbitzea eta "azkenera arte iristea ezinbestekoa" da, "gertatutakoaren inguruko egia jakitera emateko, justizia egiteko eta berriz ez errepikatzeko bermeak" izateko.
Eusko Jaurlaritzak luizia gertatu zenetik gaurdaino izan duen "jarrera" salatu dute, "aurpegirik eman ez duelako, erantzukizunak saihestuz eta Verter Recycling enpresa arduradun bakar bezala aurkeztuz". Exekutiboak gertatutakoan "erantzukizun zuzena" du "kontrol faltagatik", gogorarazi dutenez.
Eusko Jaurlaritzak Zaldibarren gertatutakoan "erantzukizun politiko zuzena" du, zaborrak kudeatzeko ereduaren "ondorio zuzena" delako. Pribatizazioa, azpikontratazioaren prekarietatea eta kontrol publiko falta zerrendatu dituzte.
Horregatik, "justizia egiteko eta gertatutako berriro ez errepikatzeko" lanean jarraituko dutela ziurtatu du Kartak. Zaldibar Argiturekin batera, erantzukizun politikoak garbitzea eta langileen osasuna bermatzen duen eta ekologikoki jasangarria den zaborren kudeaketa eredu bat aldarrikatzen jarraituko dute.