Gizartea -
KORONABIRUSA
Ospitaleko presioak hobera egin du eta intzidentziak behera egiten jarraitzen du EAEn
Hala ere, birusaren birsorkuntza tasa (R0) 0,86ra igo da, eta positibo gehiago atzeman dituzte, 396 pertsona. Positibotasunak % 5eko muga gainditu du berriro.
Naiara Ballesteros | EITB MEDIA
Intzidentzia-tasa metatuak beheranzko bideari eutsi dio Euskadin, eta 100.000 biztanleko 250 kasu izan dira 14 egunetan, eta ospitaleko presioak behera egiten jarraitzen du: 256 pertsona ospitaleratuta daude, 130 ZIUetan eta 226 gela arruntetan.
396 positibo berri utzi ditu pandemiak, bezperan baino 4 gehiago, eta R0k 0,81etik 0,86ra egin du gora. Gainera, covid-19aren eguneroko positibotasunak % 5a gainditu du, taldeko transmisiotzat hartzen dena.
Osasun Sailak ostiral honetan emandako datuen arabera, atzo 7.719 proba diagnostiko egin zituzten, bezperan baino ia 700 gutxiago, eta positibotasun tasa % 4,2tik % 5,1era igo da. Hala, positibotasuna % 5etik gora dago berriro Euskadin, astelehenean adierazle hori % 2,9ra jaitsi ostean.
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, asteazken honetan 233 positibo eman dituzte Bizkaian, 133 Gipuzkoan, 27 Araban eta beste hiru EAEtik kanpo bizi direnen artean.
Positibotasunak gora egin duen arren, hamalau eguneko intzidentzia-tasa metatuak behera egiten jarraitzen du Euskadin, maiatzeko egun gehienen antzeko erritmoan.
Asteazken honetan, 100.000 biztanleko 250,99 kasu izan dira, eta 261 izan ziren bezperan. Adierazlerik onena Arabak du berriro (124,16 kasu), ondoren Gipuzkoa dago (262,33) eta Bizkaia da azkena (276,66).
Halaber, hiru hiriburuetan intzidentzia metatuak behera egiten jarraitzen du: Gasteizen 116,89 kasu izan dira, Donostian 289,49 eta Bilbon 313,15.
Bestalde, gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duen birsorkuntza tasa nabarmen igo da, 0,86ra arte.
Bereziki kezkagarria da Arabaren kasua, aste oso bat baitaramatza R0 igotzen, eta 0,9an dago jada, % 5etik gorako positibotasunarekin batera transmisioa kontrolatu gabe dagoela adierazten duen 1etik gertu. Bizkaian eta Gipuzkoan ere igo egin da, 0,87 eta 0,84ra, hurrenez hurren.
Hala ere, asistentzia-presioa arintzen ari da, eta ostegunean aurreko egunean baino 18 gaixo gutxiago zeuden EAEko ospitaleetan.
ZIUetan 130 pertsona daude, asteazkenean baino 1 gutxiago, eta 226 gela arruntetan, 17 gutxiago. Egun osoan 44 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten, bezperan baino 2 gutxiago.
Ospitaleko egoerak hobera egin du pixkanaka eta nabarmen hilabete honetan zehar, batez ere gela arruntetan ospitaleratutakoen artean: 504 ziren hilaren 1ean, eta atzo, berriz, 226. ZIUetan 174 izatetik 130 izatera igaro da.
Hezkuntza-sistemari dagokionez, okerrera egin du apur bat; izan ere, jarduera presentziala erabat etenda duen zentrorik ez badago ere, ostegunean pandemiak eragindako 44 zentroetatik ostiral honetan 50 zentrora igaro da.
Horietan 62 gela itxi behar izan dituzte covid-19aren kasuengatik, bezperan baino 6 gehiago, hau da, ikasgela guztien % 0,35.