Gizartea -

Koronabirusa

Legebiltzarra gaur hasiko da pandemiari aurre egiteko legea eztabaidatzen

Maiatzaren 9an alarma-egoera amaituko dela baieztatu berri den honetan abiatuko da eztabaida Ganberan. Lege berria ekainerako onartuta egotea espero dute EAJk eta PSE-EEk.

Herritarrak maskara jantzita, Gasteizen. Argazkia: EITB Media
Herritarrak maskara jantzita, Gasteizen. Argazkia: EITB Media
Herritarrak maskara jantzita, Gasteizen. Argazkia: EITB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak covid-19a ez hedatzeko hartutako neurriei babes juridikoa emateko lege-proposamena gaur hasiko dira Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzen. Premiazko bidetik izapidetu dute, ekainerako onartu ahal izateko.

Eztabaida Espainiako Gobernuak maiatzaren 9an alarma-egoera amaituko dela iragarri ostean heldu da. Alarma-egoera luzatu ezean, oinarrizko eskubideei eragiten dieten murrizketak ezartzeko aukera galaraziko da. Ildo horretan, hainbat adituk EITB Median ohartarazi dutenez, etxeratze-agindua edo itxiera perimetrala ezingo dira alarma-egoerarik gabe ezarri.

EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako testuak ordenatu egiten ditu orain arte dekretu bidez onartutako murrizketak, eta lege izaera ematen die. Gainera, zigor-erregimen bat jasotzen du neurri horiek betetzen ez dituztenentzat.

Hain zuzen ere, legeak bost alerta maila, sei adierazle epidemiologiko eta arrisku maila bakoitzari egokitutako osasun- eta prebentzio-neurriak aurreikusten ditu.

Mailarik baxuenean, 14 egunean 100.000 biztanleko kasu positiboen 60ko intzidentzia-tasa metatuta dago, hori baita Jaurlaritzak diseinatutako pandemia kudeatzeko Bizi Berri Planean jasotako helburua. Kopuru horretatik jaisten den unean, murrizketak bertan behera geratuko dira.

Legearen arabera, gainera, Jaurlaritzak 15 egunean behin eman beharko dio osasun-neurri horien eta koronabirusaren bilakaeraren berri Legebiltzarrari, eta lehendakariak LABIren batzorde teknikoa edo krisia kudeatzeko laguntza teknikoko taldea zuzendu eta izendatuko duela ezartzen du.

Bideoa: Adituen iritzia

Pandemiari aurre egiteko legea hankamotz geratzen da, adituen ustez
Pandemiari aurre egiteko legea hankamotz geratzen da, adituen ustez
Pandemiari aurre egiteko legea hankamotz geratzen da, adituen ustez

1:32

Oposizioaren kritikak

EAJk eta PSE-EEk bermatuta dute Ganberak legea onartzea, gehiengo osoa dutelako. PP+Cs taldeak aurreratu du aurka bozkatuko duela, Elkarrekin Podemos-IU abstenitu egingo da "seguru aski", eta EH Bilduk oraindik ez du argitu zer egingo duen.

Horren haritik, Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak adierazi du espero duela jeltzaleak eta sozialistak "legearen hobekuntzari begira lan egiteko prest agertzea", eta ikusteko dagoela horiek "elkarrizketarako borondatea benetakoa" den.

Era berean, gaineratu du koalizio abertzaleak "ekarpenak" egingo dituela, egungo proposamenak "zigorrak arautu besterik ez duelako egiten".

Bestalde, PP+Cs talde parlamentarioak aurreratu du lege-proiektuaren aurka bozkatuko duela, gai hau Espainiako Gorte Nagusietan arautu behar dela iritzita.

Carmelo Barrio eta Luis Gordillo (PP+Cs) legebiltzarkideek kritikatu egin dute legea EAJk eta PSE-EEk aurkeztu izana, Jaurlaritzak egin beharrean, "txosten juridikoak egin behar izatea saihesteko". "Beste modu batera jokatu beharra dago eskubide eta askatasun murrizketekin lotura duten gaiekin", adierazi du Barriok, eta Botere Publikoek pandemia garaian nola jokatu behar duten Kongresuak arautu behar duela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Osakidetza EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Euskadiko Ciudadanos Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Osasun albisteak Koronabirusa