Gizartea -
KORONABIRUS
Osakidetza hasi da Janssenen txertoa jartzen
Dosi bakarrekoa den Janssen txertoa 70 eta 79 urteko pertsonei jarriko zaie, mugikortasun arazoak dituztenei edo toki isolatuetan bizi direnei.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Atzo arratsaldean iritsi ziren Janssen etxeko lehen txertoak (6.800 dosi) Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara, eta Osakidetza gaur hasi da mugikortasun arazoak edo toki sakabanatuetan bizi diren 70-79 urteko herritarrei jartzen.
Sendagaien Europako Agentziak Janssenen txertoa segurua eta eraginkorra dela berretsi ostean, Sagarduik atzo ETB1eko "Egun On Euskadi" saioan azaldu zuenez gaur bertan hasiko dira ematean atzo arratsaldean iritsitako txerto honen lehen 6.800 dosiak, eta mugikortasun arazoak edo toki sakabanatuetan bizi diren 70-79 urteko herritarrei emango dietela.
"Jakin nahiko nuke astero Janssenen zenbat txerto bidaliko dituzten", onartu zuen sailburuak; izan ere, txertaketa antolatzeko egokiena zenbait txerto izango dituzten aurretik jakitea da. Aste honetatik datorren astera bitartean, beste horrenbeste dosi iritsiko direla iragarri zuen.
Zalaparta sortzen ari den SMS bidezko hitzorduen sistemaren harian, sailburuak esan zuen Osakidetzak sistema hori talde batzuetan soilik erabili duela, eta harrera ona izan duela, % 60k sistema honen bidez hartu baitu hitzordua. "Ez dut uste esan daitekeenik sistema ez dela ona, baina hobetu daiteke, noski", aitortu zuen.
Pandemiaren bilakaerari dagokionez, oraindik goia jo ez dugula eta egoera benetan larria dela onartu zuen. "Hainbat adierazle aldatu badira ere, joera aldaketarik ez dugu ikusten oraingoz", eta gaineratu zuen hainbat adierazlek erakusten dutela izurritea moteldu daitekeela, "baina ez dakigu noiz".
Felix Zubiak medikuak Euskadi Irratian diagnostikatu gabeko jende asko dagoela esan eta gero, Sagarduik esan zuen PCR probak egiteko aztarnak edo sintomak egon behar direla. "Kutsadura iturriren bat dagoela ikusten badugu, baheketak egiten ditugu. Eta behar izaten denean, herri osoan ere egiten ditugu probak", adierazi zuen sailburuak, eta aztarnarien lanari buruz esan zuen 700etik gora daudela lanean: "Jendeak, oro har, egia esaten du, baina jendea nekatuta sumatzen dute”.
Administrazio publikoko greba deialdiaz ere mintzatu zen, eta, guztiz errespetatzen duela esan eta gero, une honetan lehetasuna txertaketa eta probak egitea dela esan zuen.
Maiatzaren 10ean, alarma egoera amaitu eta biharamunean zer gertatuko den galdetuta, Sagarduik esan zuen erkidegoek tresna jurisikoak behar dituztela erabakiak hartu ahal izateko. "Behintzat, osasun publikoko legea moldatu daiteke tresna juridiko horiek izan ditzagun. Beste erkidego batzuk bat datoz legea moldatzeko beharrarekin epaitegien ebazpenak ekiditeko", gehitu zuen.
Amaitzeko, guztion artean hobetu dezakegun uda bat aurreikusten du sailburuak. "Guk jasotako txerto guztiak jarriko ditugu", azpimarratu zuen.