Gizartea -

GURE ESKU

11 asteko mobilizazioak iragarri ditu Gure Eskuk, uztailaren 3ra arte

Asteburu honetan sinadura bilketa masiboarekin hasiko dira; maiatzaren 22an, herri eta eskualde mailako ekitaldiak egingo dituzte, eta uztailaren 3an, mobilizazioa deitu dute Bilbon.

Josu Etxaburu eta Amaiur Alvarez Gure Esku taldeko bozeramaileek. Argazkia: Gure Esku
Mobilizazioak iragarri ditu Gure Eskuk datozen 11 asteetarako.
Josu Etxaburu eta Amaiur Alvarez Gure Esku taldeko bozeramaileek. Argazkia: Gure Esku

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erabakitzeko eskubidearen aldeko Gure Esku ekimenak 11 asteko mobilizazio zikloa iragarri du, asteburu honetan hasi eta uztailaren 3an Bilbon amaituko dena, Bilboko itsasadarraren inguruan egingo den mobilizazio batekin.

Donostian egindako gosari informatibo batean, Josu Etxaburu eta Amaiur Alvarez Gure Esku taldeko bozeramaileek agiri bat irakurri dute, euskaraz eta gaztelaniaz, eta, horren bidez, adierazi dute covid-19aren pandemiak agerian utzi duela "gure herriaren subiranotasun falta".

Euren ustez, Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak "eskumenak osorik erabiltzeko legedia garatzeko" aukera gehiago izan beharko lituzkete.

Horren adibide gisa, "txertoekin gertatzen ari den bidegabekeria" jarri dute mahaigainean, eta industria farmazeutikoek txertoen patenteei eutsi eta mundu osoan ekoiztu eta hedatzea galaraztea kritikatu dute.

Halaber, Espainiako Gobernuak maiatzaren 9an alarma egoera bertan behera uzten badu Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan gerta daitekeenaren aurrean euren kezka azaldu dute. "Zer berme izango dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak salbuespenezko neurriak ezartzen jarraitu ahal izateko?", galdetu dute. Hori dela eta, bi parlamentuek "ekimen handiagoa" izan behar dutela uste dute.

Egutegia

Asteburu honetan herriz-herri kalera aterako dira Hamaika Gara ekimenaren baitako erreferendumaren aldeko sinadura bilketa masiboa sustatzera. Maiatzaren 22an, berriz, herri eta eskualde mailako ekintzak egingo dituzte; eta uztailaren 3an, mobilizazio bat egingo dute Bilboko ibaiaren inguruan.

Bestalde, sinadura bilketari lotutako erronka bat botako dute Hamaika Gara ekimenaren eragile sustatzaileek gaur bertan: #11SinadurenErronka. Izenak berak iradokitzen duen bezala, gutxienez hamaika sinadura lortzeko erronka jarriko diote jendeari, izan ere, sinadura bilketa hau masibo izan dadin, ahalik eta jende gehien bilakatu beharko da, neurri handiago ala txikiagoan, sinadura biltzaile.

Hiru urrats egin beharko dira erronka batetzeko: lehenik, www.hamaikagara.eus webgunean sartu eta erreferendumaren aldeko manifestua sinatu; bigarrenik, kanpainaren eskumuturreko bereizgarria eskuratu, burujabetzarako bidean norbere atxikimendua eta konpromisoa adierazi eta ekimena fnantzatzen laguntzeko; eta hirugarrenik, aipatu bezala, 11 lagunek, gutxienez, manifestua sinatu eta erronkarekin bat egin dezaten lortu beharko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak Donostia albisteak Iruñeko albisteak Azken ordukoa Bizkaia Gaurko albisteak Gipuzkoa Gaurko albisteak Nafarroan Araba Iparraldea berriak EAE albisteak Gure Esku gaur Gizartea bideoak Albisteak Gaur Gasteiz albisteak Albisteak