Gizartea -
Gastronomia
Elkano jatetxeak Repsol Gidaren hirugarren eguzkia eskuratu du
Donostian egindako ospakizun batean, Getariako jatetxeaz gain, Bartzelonako Alkimiak eta Gironako Miramarrek lortu dute maila altuenera iristea.
agentziak | eitb media
Aitor Arregiren Getariako (Gipuzkoa) Elkano jatetxeak; Jordi Vilaren Bartzelonako Alkimiak, eta Paco Perez en Llançaren Gironako Miramarrek 2021eko Repsol Gidaren hirugarren eguzkia eskuratu dute, 11k bigarrena jaso dute, eta 82 estreinatu dira.
Donostiako Victoria Eugenia Antzokian, eta covid-19aren aurkako neurri zorrotzekin, egindako ekitaldi batean, Maria Ritter gidaren arduradunak azpimarratu du aurten pandemiaren aurrean izandako "ausardia eta erresistentzia" saritu dute.
Gaurko ekitaldian banatutako 96 eguzkiekin, Repsol Gidak "inoizko urte zailenean sukaldariek egindako lana goraipatu du".
Elkanok, Alkimiak eta Miramarrek sari nagusia eskuratu dute, hirugarren eguzkia, "egungo ikuspegitik sustraiak eta lurraldea defendatzeagatik".
Aitor Arregi da Elkano familia jatetxearen arduraduna. Pedro Arregi aitak ireki zuen jatetxea 1964an, eta arraien erretegi gisa espezializatu da. Besteak beste, ezaguna da erabiltzen duen lehengaia ona delako, eta bereziki erreboiloa, abakando salpikoia eta legatz kokotxen trilogia.
Eneko Atxaren Azurmendiri (Larrabetzu, Bizkaia), bestalde, eguzki iraunkorraren saria eman diote, "inguruarekiko, artisau ekoizleekiko eta energia eraginkortasunarekiko" konpromisoagatik.
Hamaika jatetxek lortu dute bigarren eguzkia, eta 82 dira lehenengoa poltsikoratu dutenak, tartean Dimako (Bizkaia) Garena.
Hiru eguzki dituzten sukaldariek banatu dituzte gaurko sariak, gastronomiaren kulturari jarraipena ematea aitortzeko. Hala, Elena Arzak eta Pedro Subijana izan dira eszenatokira igo direnetako batzuk.
Repsol Gidak Eusko Jaurlaritzarekin batera antolatu du hirugarrenez sari banaketa, eta aurtengo 96 berritasunekin, jada 618 dira eguzkiren bat duten jatetxeak.