Gizartea -
KORONABIRUSA
Positiboek goia jo dute Nafarroan, 300dik gertu kokatuta
Zehazki, 293 kasu atzeman dituzte, urtarrilaren 21etik zenbatutako daturik altuena.
E. G. | EITB MEDIA
Birusak oldartuta jarraitzen du Nafarroan. Azken orduetan, 293 positibo atzeman dituzte, Foru Gobernuak emandako datuen arabera.
Zehatz esanda, atzokoan 3.192 proba diagnostiko egin zituzten (bezperan baino 781 gehiago) eta horietatik % 9,1 positibo izan ziren. Positibotasun tasak goranzko joerari eutsi dio(% 8,7tik 9,1era pasatu da).
Urtarrilaren 21etik atzemandako daturik altuena da. Orduko hartan 313 kasu atzeman zituzten, eta bigarren olatuko maximoetako bat izan zen (azarotik zenbatutako daturik potoloena). Bezperako datuekin alderatuta, 71 gehiago dira, eta duela 15 egun baino, 88 gehiago.
Lau udalerrik edo gunek 10eko langa igaro dute: Altsasu, 16 positiborekin, Cadreita (itxiera perimetralean gauerditik), 15ekin; Corella, 13rekin eta Tutera Mendebaldea eta Ekialdea, 12 eta 10 kasurekin, hurrenez hurren. Iruñeko Txantrea eta Arrotxapea auzoetan 10na kutsatze zenbatu dituzte.
Ospitaleen egoerari dagokionez, Osasunbidearen arabera, atzo 178 pertsona zeuden ingresatuta covid-19arekin (bezperan baino 4 gutxiago), eta horietako 31 ZIUn daude (bi gehiago). Gainera, 15 etxean daude ospitaleratuta (bat gehiago), eta gainerako 132ak plantan daude (zazpi gutxiago).
792 kasu berri EAEn
Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 792 positibo berri atzeman dituzte azken orduetan, positibotasun tasa apur bat igo delarik (% 7,4an dago).