Gizartea -
KORONABIRUSA
200dik gora positibo berriro Nafarroan
Gainera, positibo tasak gora egiten jarraitzen du, % 9,2raino. 85 urteko gizon bat hil da azken orduotan.
EITB MEDIA
Covid-19 kasuak hazi egin dira berriz Nafarroan, 200etik gora, eta % 9,2ko positibo tasa du, Nafarroako Gobernuaren datuen arabera. Gainera, 85 urteko gizonezko bat hil da azken orduotan.
Atzo, asteazkena, 222 positibo berri atzeman zituzten egindako 2.411 probetan, hau da, aurreko egunean baino 24 gehiago; izan ere, bezperan 198 kasu zenbatu zituzten eta positibo tasa % 8,4koa izan zen.
Lodosan zenbatu dituzte positibo gehien (17), eta gertutik jarraitzen diote Fitero (9), Burlata (8), Tafalla (7), Tutera Mendebaldea (7), Txantrea (6) eta Arrotxapeak (6).
Ospitaleetako okupazioari dagokionez, Osasunbideak jakinarazi duenez, 182 pertsona daude ospitalean covid-19ak jota; horietatik, 29 ZIUetan daude (bezperan baino bat gehiago), 14 etxean ospitaleratuta (hiru gehiago) eta 139 gela arruntetan (bederatzi gehiago).