Gizartea -
KORONABIRUSA
Alarma egoeraren amaiera autonomia erkidegoekin ez alderatzea deitoratu du Urkulluk
Garai hori "kudeatzeko konplexua izango dela" iragarri du lehendakariak, "pandemiaren bilakaera epidemiologikoaren menpe egongo baikara".
N. B. | EITB MEDIA
Iñigo Urkullu lehendakariak deitoratu egin du alarma egoera maiatzaren 9an amaitzeko aukera "autonomia erkidegoekin kontrastatu gabe" iragarri izana.
Urkulluk, sare sozialen bidez, esan du alarma egoera amaitzea "gizarte osoaren nahia dela", baina "aurreikus ezin daitezkeen baldintzen menpe dagoela, pandemiaren eta covidaren aurkako txertoaren eboluzioa, esaterako".
Lehendakariak azpimarratu duenez, iragarpen hori autonomia erkidegoak kontuan hartu gabe egin du, "osasun arretaren arduradunak eta lehen egunetik birusaren aurkako lehen lerroan dudenak baitira".
Gogorarazi duenez, ekainaren erdialdetik presidente autonomikoen bi konferentzia baino ez dituzte egin pandemiaz modu monografikoan hitz egiteko: uztailaren 31n, Donemiliaga Kukulan, eta urriaren 26an, Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentearekin.
Alarma egoera maiatzaren 9an amaitzea "posible izatea nahiko nuke", adierazi du Urkulluk, eta une horren eta "abuztuaren amaierarako iragarritako biztanleriaren % 70eko immunitatearen" arteko aldian txertoen hornidura bermatuta egotea eta gizarteak prebentzio-neurriak ("maila indibidual eta kolektiboan") betetzen jarraitzea nahiko lukeela gaineratu du.
"Horrek guztiak, txertoak eskuragarri izateak eta araudia zorrotz betetzeak, hain murriztaileak ez diren neurriak hartzen lagunduko luke", azaldu du.
Hala ere, garai hori "kudeatzeko konplexua" izango dela iragarri du, eta "beti egongo da pandemia baten bilakaera epidemiologikoaren mende".
Den dela, Euskadik pandemiaren aurkako legearen tramitazioa jarri du abian, eta lege horrek "berme juridiko guztiak" emango dizkie Eusko Jaurlaritzak covidaren hedapenari eusteko ezartzen dituen murrizketei (maiatzaren 9aren ondoren alarma egoeraren eta legezko "aterkiaren" jarraipenari buruzko "ziurgabetasuna" dela eta).