Gizartea -

Koronabirusa

Espainiako Gobernuak ez du alarma egoera maiatzaren 9tik haratago luzatu nahi

Horrek eragina izango du, esaterako, etxeratze aginduan eta itxiera perimetraletan.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea. Argazkia: Efe
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea. Argazkia: Efe
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak gaur iragarri du ez duela alarma egoera luzatzeko asmorik, eta maiatzaren 9an amaituko dela. Hori horrela, bertan behera geratuko dira mugikortasunari lotutako murrizketak, etxeratze agindua eta itxiera perimetralak, besteak beste.

"Maiatzaren 9an alarma egoera amaitzea nahi dugu. Gure helburua da eta bide horretan ari gara lanean", adierazi du Sanchezek Ministroen Kontseiluaren ostean Moncloa Jauregian emandako prentsaurrekoan.

Konstituzioak ematen duen baliabide hori indargabetuta, bertan behera geratuko dira urriaren 25ean abian jarritako eta erkidegoek lurralde bakoitzeko egoera epidemiologikoaren arabera mugikortasunari ezarritako mugak.

Muga horien artean daude etxeratze agindua eta itxiera perimetralak (erkidegoenak, herrialdeenak eta udalerrienak).

Zure interesekoa izan daiteke baita ere: Zer ekarriko du alarma egoeraren amaierak?

Sanchezek azaldu duenez, alarma egoera amaitzen denean, pandemiari aurre egiteko neurriak Lurralde Arteko Kontseiluan erabakiko dituzte, bertan hartzen baitute parte Osasun Ministerioak eta erkidegoek.

"Egoera epidemiologikoak eta txertaketa prozesuak, asko azkartuko denak, pandemiari eraginkortasunez erantzuteko nahikoa tresna emango dizkigutela espero dugu", azpimarratu du presidente espainiarrak.

Alarma egoera urriaren 25ean sartu zen indarrean bi asterako, eta amaitu baino lehenago, sei hilabete luzatzea erabaki zuten, maiatzaren 9ra arte, Kongresuan etengabe bozkatzen aritzea saihesteko.

Alarma egoeraren amaiera autonomia erkidegoekin ez alderatzea deitoratu du Iñigo Urkullu lehendakariak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak Pedro Sánchez Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Zer egin daiteke Euskadin?