Gizartea -
Koronabirusa
19 udalerri itxita egongo dira astelehenetik aurrera EAEn
Gainera, ostalaritzako barrualdeetako ordutegia murriztuta izango dute. 400dik gorako intzidentzia-tasa metatua duten 5.000 biztanletik gorako 8 udalerri eta beste 11 udalerri txiki dira.
Mikel Dominguez | EITB Media
Eusko Jaurlaritzak Aste Santurako hartutako neurri murriztaile berriak 19 udalerritan egongo dira indarrean, astelehenetik aurrera. Udalerri horien perimetroak itxita egongo dira eta ostalaritzako barrualdeetako ordutegia murriztuta izango dute.
Honakoak dira 400dik gorako intzidentzia tasa metatua duten 5.000 biztanletik gorako udalerriak:
Bizkaia
Elorrio (725,03)Ermua (749,11)Muskiz (427,86)Ondarroa (583,63)
Gipuzkoa
Beasain (841,59)Lazkao (1047,59)Ordizia (953,33)Urretxu (453,95)
Honakoak neurri murriztaile berriak izango dituzten 5.000 biztanletik beherako udalerriak dira:
Bizkaia
Berriz (493,35)
Gipuzkoa
Ataun (1659,99)Idiazabal (420,17)Olaberria (1090,51)Zaldibia (1869,72)Zegama (1775,15)
Araba
Elciego (2318,84)Bilar (1420,45)Iruña Oka (1002,79)Urkabustaiz (620,69)Zigoitia (585,82)
Neurriak udalerri horietan astelehenean sartuko dira indarrean, eta zerrenda apirilaren 6an, asteartean, eguneratuko dute.
Udalerriak itxita egongo dira, baina ondoko udalerrira joan ahal izango da erosketak egitera edo aire libreko kirola praktikatzera.
Era berean, mugikortasuna baimenduta egongo da martxoaren 26a baino lehen eta apirilaren 1etik 11rako ostatu hartzeko erreserba egin dutenentzat. Pertsona horiek, jatorrizko zein helmugako udalerria goiko zerrendan egon ala ez, bidaiatzeko aukera izango dute.
Gainera, ostalaritzako barrualdeetako ordutegia murriztu dute, 06:30etik 09:30era eta 13:00etik 16:30era.
Apustu-etxeei dagokienez, ostalaritza zerbitzua barrualdean soilik eman ahal izango dute, eta zehaztutako ordutegian bakarrik.
Kirol arloan, ezingo dira 4 pertsona baino gehiago elkartu barrualdeetan kirola egiteko, federatutako eta kirolari profesionalak izan ezik. Aldagelak eta dutxak itxita egongo dira, igerilekuetan salbu, horietan % 35eko edukiera onartzen baita, eta dutxak bakarka erabiltzea.