Gizartea -

KLIMA-ALDAKETA

"Konekta zaitez naturarekin" lelopean, martxoaren 27an mundua itzaliko da

Klima-aldaketaren eta biodibertsitatearen galeraren aurkako munduko mugimendurik handiena digitala izango da aurten. 20:30etik 21:30era argia itzaltzeko ekimena babesteko deia egin diete herritarrei.

Arriaga antzokia argiak itzalita 2019ko Planetaren Orduan. Artxiboko irudia: EFE
Munduko argiak martxoaren 27an itzaliko dira klima aldaketaren aurka borrokatzeko.
Arriaga antzokia argiak itzalita 2019ko Planetaren Orduan. Artxiboko irudia: EFE

A. S. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Konekta zaitez naturarekin" lelopean, datorren martxoaren 27an Planetaren Ordua ospatuko da, eta aurten naturarekin duen lotura izango du ardatz. Klima-aldaketaren eta biodibertsitatearen galeraren aurkako munduko mugimendurik handiena digitala izango da aurten.

Beste behin, giza jarduerak eragindako klima-aldaketaren aurkako premiazko neurriak hartzeko beharraz jabetzeko, Planetaren Orduak herritarrak, enpresak, udalak eta erakundeak batuko ditu, klima-aldaketaren eta biodibertsitatearen galeraren aurka borrokatzeko.

Urteen poderioz, mundu mailako mugimendu bihurtu da, eta ia 200 herrialdetako milaka hirik egiten dute bat urtero ekimenarekin. Pasaden edizioetan 17.000 monumentu eta eraikin ospetsu baino gehiago itzali zituztenak, Eiffel Dorrea edo Koliseoa kasu.

Enrique Segovia WWF (World Wide Fund for Nature) erakunde ekologistak Espainian duen zuzendariak gogorarazi duenez, natura funtsezkoa da gizakientzat eta bizi-kalitate ona izateko, eta "klima aldaketaren eta pandemien aurkako aliatua da". Horregatik, "natura babestu behar dugu, gure planetaren osasuna eta, aldi berean, gure osasuna eta ongizatea bermatzeko". Hori dela eta, Segoviak deialdia egin du martxoaren 27an, larunbata, 20:30etik 21:30era, argia ordubetez itzaltzeko ekimenari babesa emateko.

Sinbolo bat baino gehiago

2007. urtean Sidneyn (Australia) jaio zen mugimendua, eta, orduz geroztik, 15 edizio egin dira klima-aldaketaren arazoari arreta jartzeko keinu sinboliko gisa. Eraikin eta monumentuetako argiak ordubetez itzaltzean datza. Aurten, osasun larrialdia dela eta, online mugimendu handia bultzatu dute, arduradun ekologistak azaldu duenez.

Planetaren Ordua martxoko azken larunbatean ospatzen da urtero, eta modu boluntarioan egiten den itzalaldi elektrikoa da. Pertsonei eta enpresei ezinbestekoak ez diren argiak eta tresna elektrikoak ordubetez itzaltzeko eskatzen zaie, 20:30etik 21:30era.

2020, biodibertsitatearen urte handia izango zena, galeraren urte handi bihurtu zen, eta inflexio-puntu bat planetan egiten ditugun ekintzen ondorioak baloratzeko orduan (habitaten suntsipena, espezieen legez kanpoko trafikoa, munduko punta batetik bestera lanagatik edo aisiagatik egiten diren joan-etorriak).

Pandemiak eraginda, goi-bilera handiak, hala nola biodibertsitatearena edo klima-aldaketarena, atzeratu egin ziren, eta urte honen amaieran egitea aurreikusten da. Horregatik, 2021eko Planetaren Orduak "garrantzi handia du, sentsibilizazio- eta mobilizazio-kanpaina bat da, gizateriaren historiaren une erabakigarri batean, eta behar diren urteetan egiten jarraituko dugu, gure planeta errespetatu eta babestu arte", gogorarazi du Segoviak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Zer gertatu da Bizkaian? Gaurko albisteak Gipuzkoa Nafarroa gaur Araba EAE albisteak Gizartea bideoak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Planetaren Ordua albisteak