Gizartea -
Koronabirusa
Covid-19 kasurik ez, EAEko erresidentzietako erabiltzaileen artean
Ekorako zentro batean kutsatutako azken hiru egoiliarrek negatibo eman ostean, zaharren egoitzetako erabiltzailerik ez dago gaitzak jota.
agentziak | eitb media
EAEko erresidentzia guztietako erabiltzaileen artean ez dago covid-19 kasurik martxoaren 12an, azken orduotan Ekorako (Araba) zentro batean kutsatutako azken hiru egoiliarrek negatibo eman ostean.
Arabako Aldundiak ostiral honetan baieztatu du amaitu dela positibo eman zuten hiru egoiliarren isolamendua.
Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek duela egun batzuk baieztatu zuten lurralde horietako zentroetan ez zegoela kasu positiborik, eta txertoari esker zela aipatu zuten.
Arabako Aldundiak zabaldutako datuen arabera, lehenengo olatuaren ostean kasu berriak atzematen hasi zirenetik, hau da, abuztuaren 18tik, 344 egoiliarrek gainditu dute gaixotasuna.
Bigarren eta hirugarren olatuetan 47 pertsona hil dira Arabako zentroetan gaitzarekin kutsatuta.