Gizartea -

Genero arrakala

Emakumeek betetzen dituzte lanaldi partzialen bi herenak EAEn

Ondorioz, kotizazio txikiagoa dute eta pentsioetan ere eragin zuzena du horrek.

Emakume bat gizon bat zaintzen, Bilbon. EFEren artxiboko argazkia
Emakume bat gizon bat zaintzen, Bilbon
Emakume bat gizon bat zaintzen, Bilbon. EFEren artxiboko argazkia

EiTB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2020an, emakumeek bete zituzten lanaldi partzialen bi herenak Euskal Autonomia Erkidegoan, UGT-Euskadik martxoaren 8ra begira aurkeztu duen txostenaren arabera.

Raul Arza UGT-Euskadiren idazkari nagusiak esan du kasu askotan "nahi gabekoa" dela behin-behinekotasun hori eta zaintzarekin zein garbiketarekin lotutako sektoreak direla feminizatuenak eta prekarioenak.

Ondorioz, emakumeek kotizazio txikiagoa dute eta pentsioetan ere eragin zuzena du horrek.

Hain zuzen ere, EAEko emakumeek jasotzen dituzten pentsioen % 72,85 ez dira lanbide arteko gutxieneko soldatara (950 euro) iristen, eta % 50 1.500 eurotik beherakoak dira.

Gainera, alarguntza pentsioa 915 eurokoa da EAEn, eta 600 euroko aldea dago emakumeen eta gizonen batez besteko pentsioaren artean.

Ildo horretan, Arzak adierazi du "soldatetan, kontratazioan eta diru-laguntzetan" genero arrakala agerikoa dela oraindik, "nahiz eta pandemiak argi utzi duen asko direla emakumeen esku dauden oinarrizko jarduerak".

"Konfinamenduan egindako txaloak laguntza-programa eta -hitzarmenetan bihurtu behar ditu orain Jaurlaritzak", aldarrikatu du.

UGT-Euskadiren Berdintasun arduradun Xuria Arzak, bestalde, azpimarratu du oraindik lan asko dagoela egiteko, lan-berdintasunari dagokionez. Halere, onartu du 2020an aurrerapausoak eman direla, soldata erregistroak eta bi gurasoentzako 16 asteko baimena, besteak beste.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa Emakumeen Nazioarteko Eguna