Gizartea -
Koronabirusa
Hasi dira txertatzen anbulantzietako azpikontratatutako langileak
Dena dela, martxoaren 5erako deituta dagoen grebari eutsi diote oraingoz sindikatuek. Izan ere, ez dakite zenbat behargin babestuko dituzten.
E. G. | EITB MEDIA
Gaur arratsaldean hasi dira, azkenean, Osakidetzako anbulantzietan azpikontratatuta lan egiten duten langileak covid-19aren kontra txertatzen, sindikatuetako iturriek jakinarazi dutenez. Ambu-Iberica eta Grup La Pau enpresakoak izan dira lehenak.
Txertaketa prozesua 15:00etan hasi da, Leioan (Bizkaia). Gaur eta bihar anbulantzietako lehen lerroko 1.500 langileetatik 300 txertatuko dituzte. Bihar hasiko da txertaketa Gipuzkoan, 09:00etan Urnietan, eta Araban datorren astelehenean ekingo diote.
Lehen lerroan aritu arren, txertaketa "lehenbailehen" hasteko eskatzeko greba dute deituta sindikatuek, eta oraingoz, deialdiari eutsi diote, iturrion arabera.
Aslor Riezu LSB-USO sindikatuko ordezkariak Radio Euskadiri azaldu dionez, "gure kalkuluen arabera, hiru egun eta erdiko epean langile guztiak txertatuta egongo lirateke". Dena dela, oraingoz ez dute greba deialdia bertan behera utzi, "ez baitakigu nor babestuko duten. 1.500 langile gara, lehentasun ezberdinekin. Ziurtasunez jakin arte ezin dugu greba baztertu", argitu du.