Gizartea -
KORONABIRUSA
Artxibatu egin dute Basurtuko eta Santa Marinako txertaketa irregularren ikerketa
Sagarduik azaldu duenez, ministerio publikoak ikerketa eginbideen berri eman zien, informazioa eskatu zien eta orain bere sailak behin eta berriz esandakoa berretsi dute.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bizkaiko Fiskaltzak artxibatu egin ditu Eduardo Maiz eta Jose Luis Sabas Basurtuko eta Santa Marina ospitaleetako gerente ohiei txertaketa irregularrengatik irekitako ikerketak. Maizek eta Sabasek txertaketa protokoloa hautsi eta txertoa jarri zuten.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak astearte honetan baieztatu egin du albistea, Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, eta artxibatzeko asmoen berri atzo izan zutela jakinarazi du.
Sagarduik azaldu duenez, ministerio publikoak bere garaian jakinarazi zien ikerketa-eginbideak ireki zituztela; horri buruzko informazioa eskatu zien, eta, sailburuaren hitzetan, orain ministerioak bere sailak hainbat aldiz esandakoa berretsi du.
Carlos Gomez Menchaca abokatuak salaketa jarri zuen bi gerente ohien aurka, eta hor hasi zen auzia. Orain, ordea, gaur goizean ElDiario.es-ek aurreratu duenez, eta ondoren Sagardui berak baieztatu duenez, auzia artxibatu egin dute, irregulartasun horien ondorioz deliturik egon ez dela iritzita.
Sabasek dimisioa eman zuen eta Maiz kargutik kendu zuten, Osasun Sailak eta Osakidetzak ezarritako protokoloei muzin egin eta txertoa jartzeagatik.
Sagarduik prentsaurrekoan berretsi egin du Basurtuko gerenteak txertoa ez zegokionean hartu zuela jakin zuenean, dimisioa emateari uko egin zionez, kargua utzi zuela. Eta gaineratu du Santa Marinako gerenteak langile guztiak egun bakar batean txertatzeko asmoa zuela jakin izan balu, txertaketa-irizpideei jaramonik egin gabe, saihestu egingo zukeela.
Dena dela, oraindik auzitegiek ez dute eman LAB sindikatuak Bilboko guardiako epaitegietan bi gerente ohien aurka jarri zuen salaketaren inguruko erabakirik; izan ere, salaketa horren ondorioz, delitu hauek egozten zaizkie: ondasun publikoen administrazio desleiala, bidegabeko jabetzea, langileen eskubideen aurkako ekintzak, prebarikazioa, influentzia-trafikoa, bidegabeko eralgitzea eta funtzionario-eroskeria pasibo desegokia.