Gizartea -
KORONABIRUSA
Atzeratu egingo dira EAEra iristekoak ziren Modernaren txertoak
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak onartu du atzerapen horrek aldaketak eragingo dituela txertaketa egutegian. Aste honetan, osasun pribatuko profesionalak eta ertzainak txertatzen hasiko dira.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Gaur Euskal Autonomia Erkidegora (EAE) iristekoak ziren Modernaren txertoak atzeratu egingo dira. Ondorioz, koronabirusaren aurkako txertaketa egutegian aldaketak izango direla aurreratu du Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak.
Herri Irratian egin dioten elkarrizketan Gotzone Sagarduik azaldu duenez, txertaketa prozesua "badoa" baina txerto kopuruak markatuko du erritmoa: "Gehiago heltzen badira, erritmoa bizkortuko dugu".
Sagarduiren esanetan, 57.000 herritarrek jaso dute lehendabiziko txertoa EAEn, eta horietatik 42.000k bigarrena ere jaso dute. Adinekoen egoitzetan, ia denei jarri diete txertoa. Osasun arloan, Osakidetzako langileen % 33k txertoa hartu dute eta bigarren dosiarekin hasita daude.
Aste honetan, "lehen lerroan lan egiten duten langileak txertatzen jarraituko dugu, eta osasun pribatuko langileak eta ertzainak txertatzen hasiko gara", iragarri du Sagarduik. Gainera, lehen txertoak jarriko dituzte zentro soziosanitarioetako profesionalen eta udaletako etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileen artean.
Asteburuan, Euskal Autonomia Erkidegoa eremu gorritik atera da. Hala ere, egoerak kezkagarria izaten jarraitzen duela nabarmendu du sailburuak. "Helburua ez da 500etik jaistea, hori lehen pausoa da, xedea 100.000 biztanleko 60 kasura iristea da. Aurretik dugun bidea luzea da eta hurrengo hilabeteetan ere birusarekin bizi beharko dugu", esan du.