Gizartea -
Koronabirusa
Nafarroako Gobernuak CO2 neurgailuak jarriko ditu ikastetxe publikoetan
700 neurgailu inguru banatuko ditu Hezkuntza Departamentuak, zentro horietako airearen kalitatea bermatze aldera.
eitb media
Nafarroako Hezkuntza Departamentuak CO2 neurgailuak jarriko ditu ikastetxe publikoetan, aireztapen patroi bat ezartzeko, zentroetako airearen kalitatea bermatze aldera. Aurreikuspenen arabera, 700 aparatu inguru banatuko dituzte, eta otsailean zehar egingo dute hori.
Nafarroako Gobernuaren esanetan, eraikinaren tamainaren araberakoa izango da ikastetxe bakoitzari dagokion neurgailu kopurua.
Gainera, kontuan hartuko dute ikastetxearen orientazioa, aireztatzeko aukerak eta zentroko espazioen okupazio-tasa.
Hezkuntza Departamentuak aurki bidaliko die zirkular bat ikastetxeei, neurgailuak erabiltzeko moduari buruzko azalpenak emateko.
Airearen kalitatea neurtzeko proiektu hau abenduan eta urtarrilean probatu dute, Foru Erkidegoko zonalde klimatiko ezberdinetan dauden sei ikastetxe publikotan.
Datuak bildu ostean, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak oniritzia eman dio proiektuari, eta ikasgelak aireztatzeko gomendio eta jarraibide berriak bidali dizkie ikastetxeei.
Egoki aireztatzeko jarraibideak
Aireztatzeko jarraibideak orain arte ezagutzen zirenak dira, baina gaur egun indarrean daudenen osagarriak dira.
Ikastetxeko gela guztiak aireztatu behar dira, gutxienez 10 edo 15 minutuz, eskola-egun bakoitzaren hasieran eta amaieran.
Klasean daudenean, ikasgeletako kanpoko leihoak ixtea gomendatzen da, eta ikasgelek korridoreetara dituzten ateak irekitzea.
Korridoreek leihorik ez badute, ikasgeletako ateak zabalik izatea gomendatzen da, baita gelako leihoetako bat erdi irekita egotea ere, eta korronte gurutzatuak saihestu behar dira.
Klase artean leihoak 2 edo hiru minutuz guztiz zabaltzea gomendatzen da.