Gizartea -

Polemika

Epidemiologoek eta familia medikuek gogor jo dute Garrido epailearen aurka

Epidemiologoen iritziz, Administrazioarekiko Auzien Salako presidenteak egindako adierazpenak "iraingarriak" eta "onartezinak" dira, eta "ezjakintasuna" erakusten dute.

Laborategiko langile bat, beharrean. Argazkia: EFE
Laborategiko langile bat, beharrean.
Epidemiologoek zuzenketa publikoa eskatu diote Luis Angel Garridori

1:50

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Epidemiologia Elkarteak eta Espainiako Familia eta Komunitate Medikuntzako Elkarteak (semFYC) gogor jo dute Luis Angel Garrido epailearen aurka, berriki egin dituen adierazpen polemikoengatik.

Espainiako Epidemiologia Elkarteak zuzenketa eskatu dio Luis Angel Garrido EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salako presidenteari, epidemiologoen inguruan egindako adierazpen "iraingarri eta onartezinengatik".

Garrido polemikaren erdigunean dago, EAEko Auzitegi Nagusiak ostalaritza berrirekitzea baimendu bezperan irratsaio batean esandakoengatik. "Epidemiologoak ikastarotxo bat egin duten familia medikuak dira", adierazi zuen Garridok, eta covid-19aren kontra Espainiako Estatuan eta hainbat herrialdetan hartutako neurriak Erdi Arokoekin parekatu zituen.

Hori argudiatzeko, honako adibidea jarri zuen: "Demagun Bizkaian % 2.000 hazi direla sexu-transmisiozko gaixotasunak, eta nik, inguruko epidemiologo garrantzitsuenak, hauxe esan dudala: oso erraza da, egon zaitezte bi urte sexu harremanik izan gabe eta jaitsi egingo da kurba". Gauza gehiago esan zituen: "Eta orain esaten ari dira: birusaren transmisioa jaisteko, gera zaitez etxean, ez hitz egin inorekin, ez joan kultur ikuskizunetara... Hori bazekiten Erdi Aroan ere!"

Adierazpen horien aurrean, Espainiako Epidemiologia Elkarteak ohar bat kaleratu du berbak "zoritxarrekoak eta onartezinak" direla nabarmentzeko eta lanbide horrekiko "ezagutza eta errespetu falta" islatzen dutela adierazteko. Elkartearen esanetan, epidemiologo izateko, "bizitza osoko formazioa" behar da, eta pandemia honi aurre egiteko "lanean ari dira etengabe".

Hala, adierazpenak zuzentzeko eskatu diote epaileari. Azaldu dutenez, epidemiologo gisa jarduten dutenak medikuntzan ez ezik, farmazian, erizaintzan, estatistikan, soziologian eta psikologian ere jantziak dira.

Gainera, horietako askok masterra edota "Espainian edo atzerrian egindako formakuntza berezia" dute, baita "sona handiko ibilbide profesionala" ere.

Elkartearen aburuz, Garridoren adierazpenek "zalantzan" jartzen dute epidemiologoen "lana eta ahalegina". "Zaila da hitzei darien ezjakintasuna ulertzea, eta adierazpenek desinformazioa eta albiste faltsuak hauspotzen dituzte", erantsi dute.

Oharrean nabarmendu duenez, "egoera aztertuta, neurri batzuk edo beste batzuk gomendatzearen atzean dagoen teknika eta metodologia ez ditu ezagutzen epaileak, eta ausarkeriaz jokatu du". Era berean, familia medikuak ere gutxietsi dituela uste du elkarteak.

"Gutxiespena"

Bestalde, Espainiako Familia eta Komunitate Medikuntzako Elkarteak (semFYC) epaileari diziplina txostena irekitzea eskatu du, "falta larriagatik" eta epidemiologoak "gutxiesteagatik".

"Adierazpen penagarriak" egin zituela salatu dute, "gutxietsi" egin zituelako pandemiari aurre egiten ari diren osasun kolektiboak.

Hori dela eta, epailearen aurkako diziplina txostena irekitzeko izapideak abiatzeko eskatu dute, "herritarrekiko errespetu falta larriagatik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Tabernak Txertoak Koronabirusa Alarma egoera Anbulatorioak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko epaiketak