Gizartea -

KORONABIRUSA

% 5etik behera jaitsi da positibotasun tasa Euskadin

EAEk egunean positibo gutxiago atzeman ditu, 684. Halaber, behera egin dute ospitaleratze berriek, eta intzidentzia tasa metatuak eta ugalketa-indizeak behera egiten jarraitzen dute.

Zainketa intentsiboetako unitateetako langileak. Argazkia: EFE.
Zainketa intentsiboetako unitateetako langileak
Zainketa intentsiboetako unitateetako langileak. Argazkia: EFE.

N.B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren pandemiak 684 positibo berri utzi ditu (aurreko egunean baino 64 gutxiago) azken orduetan, % 4,9ko positibotasun tasarekin. Horrek esan nahi du bi hilabetetan lehen aldiz jaitsi dela % 5eko atalasea, hortik aurrera erkidegoaren transmisioa dagoela uste baita. Alde negatiboan, berriz ere gaixo kritikoen egoera dago, 167 paziente baitaude.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren pandemiaren eraginari buruzko azken txostenaren arabera, joan den asteazkenean, 13.820 proba diagnostiko egin zituzten, aurreko eguneko 13.437 proben gainetik.

Horrela, positibotasun tasa % 5etik behera jaitsi da. Abenduaren 23tik, positibotasuna % 4,5ekoa izan zenetik, EAEn ez da kasu berrien hain ehuneko txikia erregistratu.

Positibo gehien Bizkaian eman dira berriro, 387 kutsatze berri izan baitira, asteartean baino 19 gutxiago; Gipuzkoan, berriz, 187 kasu berri erregistratu dituzte (aurreko egunean baino 21 gutxiago), eta Araban 100 kasu berri, aurreko egunean baino 21 gutxiago. Halaber, Euskaditik kanpo bizi diren pertsonei dagozkien beste hamaika kasu zenbatu dituzte, hau da, bi gutxiago.

Datu horiekin, 100 000 biztanleko 14 egunetan intzidentzia-tasa metatua 564,71koa da Euskadi osoan, aurreko egunean baino ia 27 puntu txikiagoa (591,49). Adierazle hori nabarmen hobetu da hiru lurraldeetan eta hiru hiriburuetan, eta Donostiak gune gorria delakoa uzteko zorian dago, 500,5 kasuko tasarekin itxi baitu eguna.

Zure interesekoa izan daiteke baita ere: Barakaldo eta Erandio eremu laranjan sartu dira
Oinarrizko ugalketa kopuruak, covida duen gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duenak, beheranzko joerarekin jarraitzen du eta 0,83an dago (bezperan 0,85ekoa zen). Adierazle hori, intzidentzia-tasa metatuarekin eta zainketa intentsiboetako unitateen okupazioarekin batera, pandemiaren hedapenaren kontrol-maila zehazten dutenetako bat da.
Alde negatiboan, zainketa intentsiboetako unitateetako okupazio-errekorra erregistratu dute berriro, 167 paziente ospitaleratuta (egun bat lehenago baino bi gehiago) baitaude, baina, oro har, asistentzia-presioa arindu egin da; izan ere, 512 paziente ospitaleratu dituzte (asteartean baino 35 gutxiago), azken egunean 70 ospitaleratze berri izan ondoren, aurreko egunean baino 29 gutxiago.Koronabirusean positibo eman ostean, itxitako ikasgelak 202ra igo dira ostegun honetan, hau da, joan den asteazkenean baino 14 gehiago, eta klase guztien % 1,15 dira. Klaseren bat itxita duten zentroak 118ra igo dira (asteazkenean baino zortzi gehiago).Gainera, aurrez aurreko hezkuntza-jarduerak etenda jarraitzen du Gasteizko Nuestra Señora del Carmen HHI ikastetxean.
Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak