Gizartea -
KORONABIRUSA
Euskadiko positibotasun tasa % 5,8ra jaitsi da, 621 positibo berrirekin
Zainketa intentsiboetako unitateetako egora kezkagarria da, 164 pertsona egoera kritikoan baitaude. Intzidentzia-tasa metatuak eta oinarrizko ugalketa kopuruak behera egiten jarraitzen dute.
N.B. | EITB MEDIA
Covid-19aren pandemiak 621 positibo berri utzi ditu azken orduetan Euskadin, ostiralean baino 300 gutxiago, eta positibotasun tasak hobera egin du, % 5,8ra jaitsi baita, baina asistentzia-presioa oso altua da oraindik, batez ere zainketa intentsiboetako unitateetan, bigarren olatuan maximo berri bat erregistratu baitute: 164 gaixo egoera kritikoan.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak pandemiaren bilakaerari buruzko datuak eguneratu ditu. Igandean, 10.687 test diagnostiko egin dituzte eta 621 pertsonak eman dute positibo, larunbatean baino 11 gutxiagok, orduan ere proba gutxiago egin baitziren.
Hori dela eta, positibotasun tasa % 6,3tik % 5,8ra jaitsi da. Urtarrilaren 14tik, kutsatutako testen % 5,7 atzeman zituztenetik, Euskadin ez zegoen hain tasa txikia.
Positibo berrien kopuruak behera egiten jarraitzen du: Bizkaian 371 kutsatze berri erregistratu dituzte (aurreko egunean baino 68 gutxiago); Gipuzkoan 188 positibo berri (bezperan baino 29 gutxiago) eta Araban 56 kasu berri (larunbatean baino 45 gutxiago). Halaber, Euskaditik kanpo bizi diren pertsonei dagozkien beste sei kasu zenbatu dituzte, hau da, bost gutxiago.
Araban eta Gipuzkoan, 600 kasu baino gutxiago daude 100.00 biztanleko 14 egunetan; 594,47 eta 565,75, hurrenez hurren. Bizkaiak ere hobera egin du, 657,42 kasuko tasa metatuarekin.
Duela zenbait astetik hona bezala, 18 urtera arteko adin-taldea da tasa metatu handiena duena, 831 kasu baino gehiago 100.000 biztanleko, eta, ondoren, 19 eta 39 urte arteko adin-taldea dago (658,18).
Hamalau eguneko intzidentzia-tasa metatuak bere bilakaera positiboari eutsi dio, eta hamar puntuko beherakada izan du berriro, larunbateko 100.000 biztanleko 634,17 kasutik igandeko 624,85era igaro baita. Duela astebete tasa hori 667,31 kasukoa zen.
Beste datu positibo bat oinarrizko ugalketa kopurua da, gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duena; etengabe jaisten ari da eta 0,87an dago, iazko abenduaren 26tik izan duen mailarik baxuenean. Adierazle hori, positibotasun-tasarekin eta zainketa intentsiboetako unitateen okupazioarekin batera, pandemiaren hedapenaren kontrol-maila zehazten dutenetako bat da.
Hala ere, ospitaleetako presioa handia da oraindik, 737 pertsona baitzeuden ospitaleratuta atzo covid-19arekin, 164 gaizo zainketa intentsiboetako unitateetan eta 573 gela arruntetan.
Kopurua altua bada ere, astebetean 55 paziente gutxiago daude ospitaleratuta; izan ere, urtarrileko azken igandean 632 pertsona zeuden gela arruntetan (atzo baino 59 gehiago) eta 160 zainketa intentsiboetako unitateetan (lau gehiago orain).
Atzo 42 pertsona ospitaleratu zituzten, larunbatean baino 15 gutxiago.
Bizkaiko egoitzetako bi erabiltzaile hil dira
Bizkaiko egoitzetako adineko bi pertsona hil dira azken bi egunetan, eta, beraz, dagoeneko 201 pertsona hil dira pandemiaren bigarren olatuan, koronabirusaren gaixotasunarekin, kutsadurek eta ospitaleratutakoek behera egiten jarraitu duten bitartean.
Bizkaiko Foru Aldundiak astelehen honetan jakitera eman duenez, atzoko jardunaldia ixtean, 51koa zen positiboa baieztatu zuten egoitzetako erabiltzaileen kopurua, bi egun lehenago egindako zenbaketan baino bederatzi gutxiago; ospitaleratutako adinekoak, berriz, 27 ziren, hiru gutxiago.
Adinekoen egoitzetako beste 35 erabiltzaile unitate espezializatuetan zeuden atzo, Aldundiak Birjinetxen eta Unben dituen koronabirus kasuak artatzeko, hau da, aurreko txostenean baino zortzi pertsona gutxiago.
Kutsatuta zeuden egoitzetako langileen kopuruak ere behera egin du; izan ere, 110 langilek positibo eman zuten atzo, bi egun lehenago baino 15 gutxiago, eta isolamenduan zeuden 19 langilek ere behera egin dute (63 dira orain, lau gutxiago).
Azken orduetan, 20 pertsona sendatu dira, Aldundiak zehaztu duenez.
Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak dispositibo berezi bat jarriko du abian asteazken honetan Zallan, Enkarterri eskualdeko 19 zentro soziosanitariotako profesionalei prebentziozko baheketa bat egiteko.
Gipuzkoan, pertsona bat hil da covid-19ak jota azken orduotan erresidentzia batean, baina astebete igaro da lurraldeko erresidentzietan inor ez dela kutsatu, Aldundiak jakinarazi duenez.
Zumaiako Otezuri zentroan zegoen hildakoa, baina ez dago covid-19 positibo gehiago bertan.
Azken orduotan Berminghameko erabiltzaile batek gainditu du gaixotasuna, beraz, 22 dira oraindik gaixorik daudenak Gipuzkoako erresidentzia sarean: Bermingham (11), Tolosako Iurreamendi (5), eta Irungo Inmaculada (3) eta Gurutze Gorria (3).
22 egoilar horietatik, 15 erreferentziazko zentroetan daude, Eibarko Ospitalean eta Ordiziako San Josen.
Bigarren olatuko lehenengo positiboak agertu zirenetik, abuztuaren 11tik, 154 egoiliar hil dira eta 652k gainditu dute gaixotasuna.
Gasteizko ikastetxe bateko eskolak etenda
Hezkuntza jarduera presentziala etenda dago Gasteizko El Carmen Helduen Heziketarako Ikastetxean, eta 250 ikasgela itxi dituzte astelehen honetan, koronabirusean positibo eman dutelako, hau da, joan den ostiralean baino zazpi gehiago, eskola guztien % 1,42.
Klaseren bat itxita duten zentroak 140ra murriztu dira (ostiralean baino lau gutxiago).
Nafarroa
Nafarroak 100 kutsatze baino gutxiago atzeman ditu igande honetan, 80, hain zuzen, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako datuen arabera.
Espainiako Estatuan, Osasun Ministerioak jakinarazi du ostiraletik 47.095 kasu atzeman dituztela, hau da, aurreko asteburuan atzemandakoen erdiak (93.822 izan ziren).
Hala ere, heriotzek gora egiten jarraitzen dute, eta 909 izan dira, eta aurreko astelehenean 762 izan ziren.