Gizartea -

KORONABIRUSA

CSICek ia % 99ko fidagarritasuna duen antigorputzen test sentikorrago bat garatu du

Test berria egiteko gizakiaren serum-lagin bat behar da, eta atzamar batean ziztada bat eginez hartutako bi odol tantaren bidez lortzen da.

Antigorputzen testa. Argazkia: EFE
Antigorputzen testa.
Antigorputzen testa. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

CSIC Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiko ikertzaileek covid-19 antigorputzen test ultrasentikor bat garatu dute, SARS-CoV-2aren spike proteina osoan oinarritua (giza zeluletan sartzea ahalbidetzen duena) eta ia % 99ko fidagarritasuna duena.

CSICek azaldu duenez, test honen abantaila nagusia da proteina osoan oinarritzen dela; beste antigorputz test batzuetan proteinaren zati bat erabiltzen da soilik. Gainera, testak odol tanta bat baino ez du behar lagina 24 orduan aztertzeko.

Gailu horren xehetasunak EMBO Molecular Medicine aldizkarian argitaratu dira, eta otsailaren erdialdean merkaturatzeko prest egongo da Recovid Solutions/Vitro estatuko enpresen bitartez.

Balabino Alarcon CSICen eta UAM Madrilgo Unibertsitate Autonomoaren CBMSO Severo Ochoa Biologia Molekularreko Zentroko ikertzaileak azaldu duenez, "gizakiaren immunitate-sistema SARS-CoV-2 bidezko infekziotik babesten da, besteak beste, antigorputz neutralizatzaileak ekoitzita". Horiek koronabirusaren spike proteinara batzen dira giza zeluletan sartzea blokeatuz.

ELISA testak bezala (ohikoenak covid-19aren antigorputzak detektatzeko), test berriak giza serumaren lagina behar du. Hala ere, metodo honetan, nahikoa da hatz batean ziztada bat eginez bi odol tanta hartzea.

CSICen eta UAMen CBMSO zentroan ari den Lydia Horndler CSICeko ikertzaileak azaldu duenez, "kit samur baten bidez edonork har dezake lagina. Emaitzak 24 orduan prest daude, laborategian aztertu ostean, baina epeak murriztea espero dugu".

Testaren fidagarritasuna

Hainbat ospitaletako gaixoen eta CSIC, UAM eta CBMSO erakunde publikoetako eta Madrilgo eta Donostiako enpresetako 2.000 langileren laginak aztertu ondoren, ikertzaileek egiaztatu dute oso teknologia sentikorra dela.

"Birusa neutralizatzeko gai diren antigorputzak atzeman ditugu proteina birkonbinatzaileen erabileran oinarritutako beste metodo batzuen bidez negatibotzat jo ziren pazienteen laginetan", adierazi du Alarconek.

"Sistema honek positibo eta negatiboen arteko laginen sailkapen automatikoa ahalbidetzen du, antigorputz kopuruaren neurketa oso zehatza emateaz gain. Gure ustez, metodo hau lagungarria izan daiteke herritarren artean zein talde lehenetsi behar den erabakitzeko, eta, aldi berean, txertoen eraginkortasunaren jarraipena egiteko", gaineratu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Zientziaren hedapena Erizaintza Sendagaiak Txertoak Koronabirusa Anbulatorioak Osasunbidea