Gizartea -

KORONABIRUSA

Euskadik hamar ospitaleratze izan zituen egunero zainketa intentsiboetan azken astean

EAEk 908 kasu berri atzeman ditu azken orduetan, positibotasun tasa txikiagoa izan da (% 6,9) eta intzidentzia metatuak hazten jarraitzen du: 667 kasu.

Foto: EFE.
UCI
Pandemiaren hedapena Euskadin moteltzen ari dela dio Sagardui sailburuak

1:37

N.B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren pandemiak 908 positibo berri utzi ditu azken orduetan Euskadin, aurreko egunean baino 44 gutxiago, eta positibotasun tasa ere hamarren bat baino gehiago jaitsi da, % 6,9raino, proba gehiago eginda. Hala ere, ospitaleko egoerak okerrera egin du; Gotzone Sagardui sailburuak esan duenez, azken astean 38 paziente gehiago daude zainketa intentsiboetako unitateetako oheetan, eta hamar ospitaleratze izan zituen egunero unitate kritikoetan azken astean.

Joan den astelehenean 13.184 proba diagnostiko egin zituzten, aurreko eguneko 11.632 proben gainetik. Horrela, positibotasun tasa % 8,2tik % 6,9ra jaitsi da.

Positibo gehien Bizkaian atzeman dituzte, 527 kutsatze berri izan baitira, igandean baino 53 gehiago; Gipuzkoan, berriz, 259 kasu berri erregistratu dituzte, aurreko egunean baino 58 gutxiago, eta Araban 112 berri, aurreko egunean baino 37 gutxiago. Halaber, Euskaditik kanpo bizi diren pertsonei dagozkien beste hamar kasu zenbatu dituzte, hau da, bi gutxiago.14 eguneko intzidentzia-tasa metatuak gora egiten jarraitzen du, eta gaur egun 100.000 biztanleko 667,95 da. "Egia da bihurgunearen goranzko fasean gaudela oraindik, baina kutsatze kopurua moteltzen ari dela ikusten hasi gara", azpimarratu du Sagarduik.

Joan den ostiralean intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 645,36 kasutan zegoen Euskadi osoan, eta zifra hori igotzen joan da asteburu osoan, baina astelehen honetan moteldu egin da.

Bizkaiak du adierazle hori altuena (715,2 kasu), ondoren Arabak (647,1) eta Gipuzkoak (579,3 kasu).

5.000 biztanletik gorako udalerriei dagokienez, autonomia-erkidego osoan 500 kasu baino gehiagoko tasak dituzten 50 udalerri daude pilatuta hamalau egunetan, igandean baino bat gehiago; izan ere, Astigarraga (Gipuzkoa) gune gorrian sartu baita.

Birusaren transmisioari buruzko informazioa ematen duen ugalketaren oinarrizko indizea jaitsi da, eta gaur egun Euskadin 1,00 da.

Datu horien aurrean, Sagarduik "zuhurtzia" eskatu du. "Ziurgabetasun handiko unea da eboluzioaren iragarpenak egiteko", berretsi du.Asistentzia arloari dagokionez, Sagarduik esan du gela arruntetan eta zainketa intentsiboetako unitateetan ospitaleratutako pertsonen kopuruak "gorakada handia" izan duela. Azken asteko ospitaleratzeen batez bestekoa eguneko 80 bat ospitaleratzekoa da, eta dagoeneko 670 ohe baino gehiago daude covid-19aren gaixoekin, okupatutako ohe guztien % 15 inguru.Hain zuzen ere, astelehenean 80 pertsona ospitaleratu zituzten, igandean baino 27 gehiago, eta 586 gaixo daude ospitaleratuta gela arruntetan, aurreko egunean baino 46 gutxiago.Gaur egun 154 gaixo daude zainketa intentsiboetako unitatean (igandean baino sei gutxiago), "bigarren olatuaren gailurra gaindituz, 146 paziente izan baitziren"."Kutsatze bakoitzak asistentzia arloan eragina" duela ohartarazi ostean, Sagarduik azaldu du, Europar Batasuneko kutsatzeen bilakaeraren arabera, "astebetean ospitaleratze gehiago espero direla, eta zainketa intentsiboetako unitateetan 10-14 egunetan". Hori dela eta, Osakidetzako zentroetan "otsail gogorra espera dutela" onartu du.

109ra igo dira aldaera britainiarraren kasuak Euskadin

Covidaren aldaera britainiarraren 109 kasu atzeman dituzte Euskadin, astelehenean baino 15 gehiago, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak astearte honetan jakitera eman duenez.

Ildo horretan, Sagarduik ohartarazi du ezin dela ahaztu "Erresuma Batuko aldaeraren ondoriozko kutsatze kopuruak gora egin izanak intzidentzian gorakada nabarmenak eragin ditzakeela".

Egoitzen egoera

Bizkaiko adineko egoitzetako bost pertsona hil dira azken bi egunetan, eta, beraz, dagoeneko 193 pertsona hil dira pandemiaren bigarren olatua hasi zenetik, baina zentro horietan kutsatutakoen kopuruak beherantz jarraitzen du.

Bizkaiko Foru Aldundiak astearte honetan jakitera eman duenez, lurraldeko egoitzen sareak (154 zentro, 10.748 plazarekin) 93 erabiltzaile zituen kutsatuta, aurreko txostenean (duela bi egun) baino 15 gutxiago.

Gainera, zentroetako beste 42 erabiltzaile ospitaleratuta zeuden, kasu honetan bi egun lehenago baino gehiago.

Egoitzetako 172 langile daude guztira covid-19arekin, 24 gutxiago, eta beste 70 langile -bi gutxiago- isolamenduan daude, kutsadurarik baieztatu gabe.

Egoitzetako kasuez gain, Birjinetxen (Bilbo) eta Unben, covid-19aren kasuak tratatzeko unitate soziosanitarioek, 108 pertsona hartu zituzten atzo bien artean.

Arabako egoitza zentroek emandako azken datuen arabera, azken orduetan lau adineko hil dira ospitalean. Covid-19a zuten eta hiru egoitza pribaturen erabiltzaileak ziren. Era berean, bi positibo berri erregistratu dituzte El Pilar eta Iekora (izen bereko udalerrian) egoitza pribatuen erabiltzaileen artean, eta horietako bakoitzean kasu positibo bat izan da.

Gipuzkoako egoitzetan, berriz, 56 positibo atzeman dituzte zazpi egoitza-zentrotako erabiltzaileen artean, eta 46 langilek diagnostiko positiboa izan dute lurraldeko 28 egoitzatan, Eider Mendoza Foru Aldundiko bozeramaileak prentsaurrekoan azaldu duenez.

Horietatik 34 Eibarko Ospitaleko gizarte-solairuan eta Ordiziako San Jose erreferentzia-zentroan daude, bi gune horietan covid-19gatik positibo eman duten egoitzetako erabiltzaileak artatzen baitira. Abuztuaren 11n, bigarren olatuaren lehen positiboa atzeman zuten, eta, ordutik, 153 egoiliar hil eta 619 sendatu dira Gipuzkoako adinekoen egoitzetan.

Langileen kasuan, gaur egun 46 langile daude diagnostiko positiboarekin 28 egoitza desberdinetan. Guztira, 521 langile sendatu dira abuztuaren 11tik.Eguneko zentroen kasuan, azken astean lau positibo berri eta beste bederatzi kasu detektatu dituzte desgaitasuna duten pertsonen arretarako sarean. Bestalde, positibo berri bat erregistratu dute gizarteratze-sarean eta beste bat adingabeei zuzendutako baliabideetan.

135 ikastetxetan 211 ikasgela daude itxita

Euskal Autonomia Erkidegoan ez dago ikastetxerik itxita astearte honetan covid-19aren eraginaren ondorioz, baina 135 ikastetxetan 211 ikasgela itxi dituzte, astelehenean baino bat gutxiago, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez.

Ikasturte honetan 17.554 ikasgela daude guztira Euskadiko hezkuntza sisteman, bi urtetik unibertsitatez kanpoko derrigorrezko hezkuntza ondoko mailetaraino, eta horrela, itxitako ikasgelen kopurua guztien % 1,20 da.

Koronabirusaren pandemiaren kutsatzeak mantsotu egin dira Espainiako Estatuan, intzidentzia jaitsi egin da eta ZIUetako presioa arindu egin da; hala ere, hirugarren olatuko hildako kopurua maila gorenera iritsi da: 724 pertsona. Hala, 59.081 dira koronabirusaren pandemia hasi zenetik Espainiako Estatuan hil direnak.

Positibo berriak 29.064 dira (2,85 milioi guztira) eta intzidentziak 18,8 puntu egin du behera, eta 100.000 biztanleko 846,84 kasukoa da.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak