Gizartea -
KORONABIRUSA
Goi-kargudunak txertatzea ez dago jasota Osakidetzaren protokoloaren lehen fasean
Txertaketa protokoloa eta "langileak lehenesteko irizpideak" jasotzen dituen dokumentua igorri zien joan den astean Osakidetzak zentro guztietako arduradunei. Goi-kargudunak ez dira aipatzen bertan.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Covid-19aren kontra osasun zentroetan "lehen lerroan" lanean ari diren profesionalak izango dira txertoa hartzen lehenak, eta txertaketaren lehen fase horretan ez zaie txertoa jarriko ospitaleetako goi-kargudunei. Hala dago jasota Osakidetzak joan den urtarrilaren 13an zentro guztietako arduradunei igorritako gutunean; txertaketa protokoloa zehazten da bertan: irizpideak, taldeak eta hurrenkera.
Osakidetzak idatzian jasotzen duenez, "lehen txertoak kopuru mugatuan eta modu mailakatuan eskuragarri daudenez", txertatu beharreko profesionalen "lehentasun ordena ezarri behar da". Hori dela eta, Espainiako Osasun Ministerioaren aholkuak kontuan hartuta, taldeka egingo dute txertaketa osasun zentroetan.
Hala, txertoa hartzen lehenak "covid-19a duten pazienteekin edo horien lagin biologikoekin" zuzenean lanean ari diren profesionalak izango dira. Ondoren, bigarren taldean, "bereziki egoera ahulean dauden pazienteak artatzen dituzten langileak" daude, eta, hirugarrenean, "beste paziente batzuk artatzen dituzten langileak eta lagin biologikoekin lan egiten dutenak". Azkenik, lehen fase honetako laugarren taldean, "bestelako langileak" daude, "azpikontratak barne hartzen dituen lantaldea, garbiketakoak izan ezik". Azken horiek "erreferentziazko unitatearekin" txertatuko dira; hau da, larrialdietan lan egiten duten garbiketako langileek, adibidez, unitate horretako gainerako lankideekin batera hartuko dute txertoa.
Hurrenkera hori kontuan hartuta, "profesionalen zitazio proaktiboa" egitea dago aurreikusita Osakidetzaren protokoloan, "erabili beharreko dosiak optimizatzea" helburu. "Agendak doitzen" ahaleginduko dira, ondorengo irizpideen arabera: hasierako fasean zerbitzu bakoitzaren zati bat sartzea aholkatu du Osakidetzak –ahal bada, % 50 gainditu gabe– eta jaioteguna lehentasun irizpide gehigarri gisa erabiliko da.
Horiek kontuan izanda, "eskuragarri dauden dosien arabera aurrez ezarritako irizpideekin" planifikatuko da hitzordua.
Polemika
Protokoloaren berri izan arren, eta irizpide horiek diotena hautsiz, asteon jakin da Eduardo Maiz eta Jose Luis Sabas Basurtuko eta Santa Marina (Bilbo) ospitaleetako zuzendariek, hurrenez hurren, txertoa hartu dutela. Biek euren erantzukizunak utzi dituzte albistea zabaldu ondoren: Sabasek dimisioa eman du eta Maiz kargugabetu egin dute.
Halere, Sabasek El Correo egunkarian gaur egin dioten elkarrizketan esan duenez, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak eta bere sailak bazekiten San Marinan "denek" hartu zutela txertoa. "Osakidetzak bazekien Santa Marinan guztiok txertatuko ginela", esan du. Are gehiago, Sagarduik ez zuela inolako eragozpenik jarri nabarmendu du.
Berehala gezurtatu ditu hitzok sailburuak, eguerdian egin duen agerraldian. Ziurtatu du inoiz ez zaiela jakinarazi goi-kargudunak txertatzekoak zirenik, eta gertatutakoa argitzeko ikerketa zabaldu dutela berretsi du.
Eusko Legebiltzarrean agerraldia egitea eskatu duela ere iragarri du Sagarduik, eskura duten informazioa gainerako taldeekin partekatzeko. Galdetu dioten arren, ez du argitu txertoaren inguruan beste arau-hauste kasurik ezagutzen duten.