Gizartea -

KORONABIRUSA

Euskadi eremu gorrian sartu da eta 1139 kasu berri atzeman ditu azken orduetan

Intzidentzia metatua 507,48 kasukoa da 100.000 biztanleko, 14 egunetan, eta oinarrizko ugalketa-kopurua 1,18tik 1,21era igo da. Gainera, 600 pertsona baino gehiago ospitalean daude.

Basurtuko ospitalea. Argazkia: EFE.
Basurtuko ospitalea
Euskadiko ZIUetan, asteburutik aurrera igarriko da kutsatze gorakadaren ondorioa

1:22

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken orduetan, Euskadik 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiago pilatu ditu hamalau egunetan, eta, beraz, eremu gorria deiturikoan sartu da; izan ere, positibotasunak % 8,7raino egin du gora, aurreko egunean baino puntu erdi gehiago.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak publiko egin ditu datu horiek, eta, horren arabera, azaroaren 27tik Euskadik ez zuen horren tasa metatu alturik.

Bizkaiko datu txarrek (546,3) bultzatu dute batez ere igoera hori, baina Araban eta Gipuzkoan ere bilakaera txarrak izaten ari dira, 470,3ko eta 441,2ko tasekin, hurrenez hurren. Hiriburuetako egoerari dagokionez, intzidentzia tasa metatua 472,41 kasukoa da Gasteizen, 601,77koa Bilbon eta 446,29koa Donostian.

13.154 test diagnostiko egin dituzte ostegunean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (8.583 PCR eta 4.571 test antigeno), eta horien guztien artetik 1.139 kasu positibo berri zenbatu: 174 Araban, 639 Bizkaian, 319 Gipuzkoan eta zazpi EAEtik kanpo bizi diren pertsonen artean.

Gaitzaren birsorkuntza tasa 1,21era igo da EAEn (1,23 Araban, 1,23 Bizkaian eta 1,16 Gipuzkoan), aurreko eguneko 1,18aren aldean.

Ospitaleen egoera hizpide hartuta, koronabirusaren ondorioz beste 77 pertsona ospitaleratu dituzte ostegunean, eta guztira 501 lagun daude ospitaleetan, aurreko egunean baino 17 gehiago. Gainera, gaitza duten 109 pertsona zainketa intentsiboen unitatean daude, bezperan baino zortzi gehiago.

5.000 biztanletik gorako udalerrien artean, Arabako Agurain (765,93); Bizkaiko Abanto-Zierbena (526,26), Balmaseda (733,18), Bermeo (881,14), Durango (994,56), Elorrio (550,48), Gernika-Lumo (963,83), Gueñes (563,77), Lekeitio (885,57), Markina-Xemein (1.373,13), Muskiz (1.190,00), Trapagaran (565,16) eta Zornotza (1.249,35); eta Gipuzkoako Andoain (874,03), Azpeitia (716,16), Beasain (520,65), Hernani (526,73), Irun (524,85), Lasarte-Oria (546,08), Orio (750,16), Pasaia (526,13), Tolosa (592,78), Urnieta (563,70), Villabona (692,92), Zumaia (742,85) eta Zumarraga (621,12) eremu gorrian daude.

Datu horiek Euskadiko Babes Zibileko Planaren aholku-batzordea bildu den egunean eman dira ezagutzera, eta, murrizketa gehiago iragarri ditu pandemiaren bilakaera EAEn geldiarazteko.

Eskolak eten dituzte bi ikastetxetan

Zestoako (Gipuzkoa) Aizarnako Eskola Txikiak eta Laukizko (Bizkaia) Eskola Txikiak bertan behera utzi dute hezkuntza-jarduera presentziala, eta Euskadin 140 gela itxi dituzte ostiral honetan, covidean positibo eman dutelako, ostegunean baino 15 gehiago, hau da, eskolen % 0,80, 2 urtetik hasi eta derrigorrezko hezkuntza ez-unibertsitarioraino. Guztira 88 zentro daude kaltetuta, aurreko egunean baino 14 gehiago.

Hezkuntza Sailaren datuen arabera, ostiralean, 12:00ak arte, Aizarnako Eskola Txikiak bertan behera utzi du bere bi ikasgeletako eskola jarduera presentziala; Laukizko Eskola Txikiak, berriz, gaur bertan eten du jarduera 5 ikasgeletan, antolakuntza kontuak direla eta, baina astelehenean eskoletara itzuliko dira.

Foru Erkidegoaren egoera

Kutsatzeek gorakada nabarmena izan dute Nafarroan, 305 positibo berri zenbatu baitituzte ostegun honetan egindako 3.469 proben artean (PCR eta antigenoak), eta horrek % 8,8ko positibotasun tasa utzi du, Foru Gobernuak jakitera eman duenez.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak