Gizartea -
Euskara
Aurten ez da Korrika egingo, baina ekitaldi "xume" bat antolatuko du AEK-k martxoan
Martxoaren 28an, Euskal Herri osoa zeharkatu ohi duen lasterketa bukatu behar zen egunean, ekitaldi "xume" bat egingo dute "helduen alfabetatzeak eta euskalduntzeak duen garrantzia azaleratzeko".
L.Z. | EiTB MEDIA
Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak (AEK) ez du 2021ean Korrika antolatuko, covid-19aren pandemia dela eta ezarritako mugak direla kausa. Horren ordez, baina, ekitaldi "xume" bat egingo dutela iragarri du AEK-k ostegun honetan.
Hasiera batean, asmoa zen euskararen aldeko lasterketa aurtengo martxoan egitea, baina, osasun neurriak betetze aldera, 2022ra atzeratzea erabaki zuten.
Hori horrela, martxoaren 28rako ekitaldi berezi bat antolatuko du AEK-k Euskal Herriko hainbat txokotan, betiere, unean uneko neurrietara egokituta. Helburua da "helduen alfabetatzeak eta euskalduntzeak duen garrantzia azaleratzea".
Ohar baten bidez, AEK-k gogorarazi du 55 urte bete direla Rikardo Arregik, Euskaltzaindiako beste kide batzuekin batera, gerora AEK izango zena hauspotu zuenetik. Horrekin, "helduen alfabetatzea eta euskalduntzea bultzatzeko beharra" islatu nahi izan zuten.
55 urte geroago, AEK-k berretsi du gaur egun ere "helduek euskara ikasteak berebiziko garrantzia duea, Euskal Herrian euskara berreskuratzeko bidean".
Horregatik, AEK-k euskaltzale guztiei galdegin die martxoaren 28an hutsik ez egiteko. Oraindik, baina, ez dituzte egun horretako ekitaldiaren nondik norakoak argitu, nahiz eta azpimarratu duten "osasun neurriei egokitutako ekitaldi xumea" izango dela.