Gizartea -
KORONABIRUSA
Positibo berrien gorakada nabarmena Euskadin, 894 kasu izan baitira azken orduetan
Intzidentzia metatua 430,87 kasuetara igo eta positibotasuna % 8,3koa da. 82 pertsona ospitaleratu zituzten atzo 544 gaixo artatzen dituzten ospitaleetan, aurreko egunean baino 39 gehiago.
N. B. | EITB MEDIA
Covid-19aren pandemiak 894 positibo berri utzi ditu azken orduetan Euskadin, hau da, igandean baino 246 kasu gehiago eta iazko azaroaren 19tik izandako zifra altuena. Positibotasun tasak ere gora egin du, proba gehiago egin diren arren, eta joan den igandean % 8,2 izatetik astelehen honetan % 8,3 izatera igaro da.
Bestalde, koronabirusaren intzidentzia-tasak gora egiten jarraitzen du 14 egunetan 100.000 biztanleko 412,05 kasutik 430,87 kasura igaro baikara. Igoera hori hiru lurraldeetan erregistratu dute: 459,16 Bizkaian (432,88 igandean), 385,03 Gipuzkoan (376,98 egun bat lehenago) eta 393,69 Araban (378,55 aurreko egunean).
Osasun Sailak jakitera eman duenez, astelehen honetan 10.755 proba egin dituzte, aurreko egunean baino 2.828 gehiago, eta horietatik 894k eman dute positibo, kutsatze tasa % 8,3koa izanik.
Positibo berri gehienak Bizkaian atzeman dituzte, 530 kutsatze berri, hau da, igandean baino 172 gehiago; Gipuzkoan, berriz, 227 positibo berri atzeman dituzte (aurreko egunean baino 40 gehiago) eta Araban 132 kasu berri, igandean baino 42 gehiago. Gainera, bost kasu erregistratu dituzte Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi diren pertsonen artean, aurreko egunean baino zortzi gutxiago.
Osasun Sailak astearte honetan zabaldutako buletinaren datu positiboetako bat da oinarrizko ugalketa kopurua, kutsatutako pertsona batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen zehazten duen R0a, 1,15etik 1,12ra jaitsi dela.
17 udalerri daude oso larri birusaren hedapenagatik, eta egoerarik txarrena Bizkaian eta haren hiriburuan dago, eremu gorrian sartu baita Bilbo, 182 kasu berri erregistratu ondoren (igandean baino 70 gehiago) eta 14 egunetan 506,53 kasuko intzidentzia-tasa izan baitu 100.000 biztanleko. Joera horri eutsiz gero, ostiral honetan itxi egingo dituzte Bizkaiko hiriburuaren perimetroa eta ostalaritza.
Bizkaian, Bilbo, Zornotza, Balmaseda, Bermeo, Durango, Gernika, Lekeitio, Markina eta Muskiz daude eremu gorriak. Araban Agurainek eta Gipuzkoan aurreko eguneko zazpi herriek jarraituko dute: Andoain, Beasain, Deba, Orio, Tolosa, Villabona eta Zumaia.
Gasteiz eta Donostia 500 kasuetatik urrun daude oraingoz, 389,3 eta 384,8 kasu, hurrenez hurren.
Euskadiko intzidentzia epidemiologikoaren bilakaera kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak azter daitezke, eta pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin-taldeen araberako datuak ageri dira bertan.
544 pertsona ospitaleratuta
82 ospitaleratze berri izan dira azken orduetan (aurreko egunean baino 42 gehiago), eta, pazienteen kopurua gela arruntetan 448koa da, hau da, igandean baino 39 gehiago.Koronabirusa duten 96 pertsona daude Osakidetzaren zainketa intentsiboetako unitateetan, aurreko egunean baino bi gutxiago eta bihar emango dituzte jakitera azken asteko hildakoen kopuruaren zenbatekoa.
Asteroko Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak onartu du ospitale-sisteman kutsatzeen gorakadaren "tentsioa" nabaritzen hasi dela, eta pandemiaren bilakaera "kezkagarriari" dagokionez, egungo egoera "ziurgabetasuna eta arriskua" dela azpimarratu du.
Testuinguru horretan, sailburuak azaldu du Euskadik 29.325 txerto eman dituela asteartera arte, horietatik 2.930 lehen dosikoak eta 395 bigarrenekoak.
Sagarduik defendatu egin du immunitatea bermatzeko txertoen zati bat erreserbatzeko Eusko Jaurlaritzaren estrategia "egokia", aste honetan gertatu den bezala hornidura falta izan dela: "Eusko Jaurlaritzak flaskoen erdia gorde izan ez balu, hurrengo zazpi egunetan txertoa hartu behar duten pertsonen erdiei ezingo litzaieke bigarren dosia eman, eta hiru aste barru ere ezingo litzaieke lehen txertoak jarri kolektibo berriei".
Birusaren eragina ikasgeletan eta adinekoen zentroetan
Hezkuntza Sailak jakitera eman duenez, 95 ikasgela itxi dituzte astearte honetan, astelehenean baino 40 gehiago, hau da, 2 urte bitarteko eta derrigorrezko hezkuntza ez-unibertsitarioaren arteko klase guztien % 0,54.
61 ikastetxek jasan dute koronabirus kasuren bat, aste honen hasieran baino 19 gehiagok. Jarduera presentziala erabat etenda duen ikastetxerik gabe jarraitzen dugu.
Erresidentziak
Bizkaiko adinekoen egoitzetako hiru erabiltzaile hil dira azken egunetan covid-19agatik, hau da, 155 pertsona hil dira zentro horietan pandemiaren bigarren olatuan. Zenbaketa horretan bi agerraldi berri agertu dira Gernikako Calzada zentroan (30 kasu guztira) eta Durangoko Tabiran (13 positibo).
Koronabirusagatik positibo eman duten 226 egoiliar daude zentroetan, hau da, aurreko txostenean baino 25 gutxiago; gainera, zentro horietako 37 erabiltzaile ospitaleratuta daude, hamaika gehiago.
Positibo eman duten egoitzetako langileen kopurua 185ekoa izan da, hau da, 21 kasu gehiago izan dira, eta positiboa baieztatu gabe isolamenduan dauden profesionalen kopurua 80ra (2 gehiago) igo da.
Gaur egun, 14 zentrotan daude kaltetuak: Marcelo Gangoiti-Muskiz (77), Truiondo-Zamudio (52), Calzada-Gernika (18), Misericordia-Bilbo (16), Arratiako Egoitza-Dima (13), Caser Artxanda-Bilbo (11), Beato Domingo Iturrate-Getxo (10), Arandia-Arrigorriaga (5), Indautxu Gurena-Bilbo (5), Artibai-Ondarroa (4), Gallarta (4), Bilbozar-Bilbo (4), Txurdinagabarri-Bilbo (4) eta Ercilla-Bilbo (3).
Birjinetxeko unitate soziosanitario espezializatuak 92 pertsona hartzen ditu, eta horietatik 62 erresidentzia sarearen erabiltzaileak dira, eta 30 pertsona egoera zaurgarrian daude, eta berrogeialdia egiten ari dira ospitaleratu ondoren.
Unbeko unitate soziosanitario espezializatuak 25 pertsona hartzen ditu; horietatik 11 erresidentzia sarearen erabiltzaileak dira eta 14 zaurgarriak diren pertsonak.
Aldundiak jakitera eman duenez, Gernikako Calzada egoitzan 95 pertsona bizi dira eta 100 profesional ari dira lanean. Atzo egoitzan egindako baheketa osoaren ondoren jasotako azken datuen arabera, 18 erabiltzailek dute covid-19a; horietatik 16 sintomarik gabekoak dira.
Zentroko egoiliarrek eta profesionalek urtarrilaren 11n jaso zuten covid-19aren aurkako txertoaren lehen dosia, Foru Aldundiak baieztatu duenez.
Bigarren agerraldi garrantzitsua 18 erabiltzaile eta 14 profesional hartzen dituen Durangoko Tabira zentroko solairu batean hauteman da. PCR horien emaitzetan agertu dira 8 egoiliarren positiboak, guztiak sintomarik gabekoak. Positiboetako bi ospitalera bideratu dituzte, eta 6 arreta soziosanitario espezializatuko unitateetara. Zentroko langileen artean 5ek eman dute positibo.
Kasu horretan ere, ospitaleko egoiliarrek eta profesionalek jaso zuten txertoaren lehen dosia, urtarrilaren 4an, hain zuzen ere.
Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri duenez, Abanto-Zierbenan dispositibo berezi bat jarriko du martxan ostegun honetan, Meatzaldeko adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen 13 zentro soziosanitariotako (egoitzak eta eguneko arreta) profesionalei prebentziozko baheketa egiteko.
Bestalde, Gipuzkoako egoitzetan beste hildako bat izan da azken orduetan, eta 147 pertsona hil dira guztira bigarren olatuan, hau da, abuztuaren 11tik. Gainera, Aldundiak DYA Gipuzkoarekin batera egiten dituen PCR probek lau positibo berri atzeman dituzte lurraldeko erresidentzietan.
Foru Aldundiak jakitera eman duenez, Gipuzkoako egoitzetako sei erabiltzailek gainditu dute gaixotasuna azken orduetan, eta 18 pertsona daude ospitaleratuta Gipuzkoako egoitzetatik eratorritako covid-19 kasuak artatzeko erreferentziazko bi zentroetan: Eibarko Ospitaleko gizarte-solairuan eta Ordiziako San Jose zentroan.
Gaur egun 48 kasu aktibo daude lurraldeko erresidentzietan. covid-19aren pandemiaren bigarren olatuan 601 pertsona sendatu dira. Gainera, 86.230 PCR proba egin dituzte.
Ascarza erresidentzia da Araban egoiliarren artean koronabirusaren kasu positiboak dituen egoitza bakarra, guztira lau positiborekin.
Iazko udan birusaren bigarren fasea hasi zenetik, Arabako zentroetako 272 egoiliar sendatu dira.
Era berean, lurraldeko egoitzetako 40 langile laneko bajan daude, bai kasu positiboak direlako, bai berrogeialdian daudelako.
Foru Erkidegoko egoera
Egunero atzemandako covid-19aren positiboek goranzko joera eten ezinda jarraitzen dute Nafarroan. Astelehen honetan 2.724 proba diagnostiko (PCR eta antigenoak) egin dituzte eta 238 kasu zenbatu, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera.
Bestalde, Espainiako Estatuak beste 34.291 kasu atzeman ditu egun batean, eta guztira 2.370.742 dira kutsatuak pandemia hasi zenetik. Intzidentziari dagokionez, 100.000 biztanleko 714,21era igo da, bezperan baino 25 gehiago.
Osasun Ministerioak emandako datuen arabera, 404 pertsona hil dira gaitzak jota azken 24 orduetan, ondorioz, martxotik hildakoen kopurua 54.173ra iritsi da.