Gizartea -

EAE

Baimenduta dago udalerri mugakideetara joatea, lurralde historikotik irten arren

Aldiz, debekatuta dago autonomia erkidegotik ateratzea mugakide den udalerri batera joateko bada ere, betiere, salbuespenak salbuespen.

Ertzaintzaren kontrola, Bilbon. EFEren artxiboko argazkia
Ertzaintzaren kontrola, Bilbon
Ertzaintzaren kontrola, Bilbon. EFEren artxiboko argazkia

L.Z. | EiTB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19ari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak astelehen honetan onartutako neurri berrien arabera, baimenduta dago lurralde historikotik irtetea, baldin eta mugakide den udalerri batera joateko bada. Aitzitik, bi udalerri horietako bat eremu gorrian badago, alegia, azken 14 egunetan 100.000 biztanleko 500 positibotik gora izan baditu, debekatuta egongo da herri horretatik irtetea edo bertara sartzea.

Gainera, autonomia erkidego ezberdinetan dauden udalerri mugakideen kasuan, ez da irizpide bera aplikatuko, Euskaditik ateratzea debekatuta baitago gaur-gaurkoz, salbuespenak salbuespen.

Bestalde, EAE barruan, posible da lurralde historiko batetik bestera mugitzea aireportu edo geltokiren batera norbait eramateko baldin bada, azken neurriak jasotzen dituen txostenean emandako azalpenen arabera.

Halaber, pertsona nagusiak edo adingabeak zaintzeko bada, baimenduta dago lurralde historiko batetik bestera joatea. Horretarako, baina, beharrezkoa da zaintza horren gaineko ardura duen pertsonak sinatutako ziurtagiria aldean eramatea. Zaintzailea eta zainketa behar duen pertsona senitartekoak direla frogatu beharko du horrek.

Maskotak

Etxeko animaliak paseoan ateratzeko orduan, etxeratze agindua errespetatu beharko da, hau da, ezingo da 22:00ak eta 06:00ak bitartean kalean ibili.

Etxera eramateko otorduak

Aurretik eskatutako otorduak 21:00ak arte jaso ahalko dira jatetxean bertan, nahiz eta ordu horretan establezimendu guztiek itxita egon beharko duten. Jatekoa etxera eramaten duten jatetxeen kasuan, 22:00ak arte egin ahalko dute banaketa. 100.000 biztanleko 500 kasu edo gehiago dituzten udalerrietan ere ordutegi bera errespetatu beharko dute.

Hotelak, landetxeak eta kanpinak

Hotel, landetxe eta kanpinetako zonalde komunen edukierak ezingo du % 50 gainditu, ezta 30 pertsonako muga ere. Horien artean, gainera, 1,5 metroko distantzia gorde beharko dute.

Bestalde, gisa horretako establezimendu guztiek bertan ostatu hartu duten pertsonei soilik eskaini ahalko diete ostalaritza zerbitzua 20:00etatik aurrera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak gaur Koronabirusa Zer egin daiteke Euskadin? LABI gaur