Gizartea -

KORONABIRUSA

535era igo dira kutsatze berriak Euskadin, eta positiboen tasa % 7,1era

100.000 biztanleko 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasak okerrera egin du 243,94ra iritsi arte, baina R0a 1,08ra jaitsi da.

Txagorritxuko ospitalea. Artxiboko argazkia: EFE.
Txagorritxuko ospitalea
Txagorritxuko ospitalea. Artxiboko argazkia: EFE.

N.B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadik covid-19aren 535 kutsatze berri atzeman ditu ostegun honetan, eta egindako proba diagnostikoekin alderatuta, positiboen tasa bi hamarren igo da, % 7,1era arte.

Osasun Sailaren buletin epidemiologikoaren arabera, ostegunean aurreko egunean baino 34 kasu gehiago zenbatu zituzten eta 7.503 proba diagnostiko egin zituzten, hau da, aurreko egunean baino 268 proba gehiago.

359 gaixo daude EAEko ospitaleetan, bezperan baino bost gutxiago, ospitaleratze berriak 33tik 46ra igo diren arren. Zainketa intentsiboetako unitateetan gaixoak 72tik 71ra igaro dira.

Zehazki, kasu berri horietatik 283 (zazpi gutxiago) Bizkaian detektatu dituzte, 170 (aurreko eguneko 131en aldean) Gipuzkoan eta 73 Araban, aurreko eguneko berberak. Gainera, beste kasu batzuk autonomia-erkidegotik kanpo bizi diren pertsonen artean gertatu dira.

100.000 biztanleko 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasak okerrera egiten jarraitzen du: asteartean 252 kasu izan ziren, eta asteazkenean, 255,4; ostegunean, berriz, 261,08. Arabak du daturik txarrena adierazle horretan, 275,28 kasu izan baitira; ondoren, Gipuzkoak (272,33) eta, azkenik, Bizkaiak (243,94).

Asteazkenean bezala R0 zenbakiak (gaixo dagoen pertsona batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du), ostegun honetan ere hobera egin du, 1,08ra jaitsi baita (aurreko egunean 1,10 izan zen), eta Araban ere 1etik behera kokatu da, 0,99an hain zuzen ere.

"Eremu gorrian" dauden 5.000 biztanletik gorako udalerriei dagokienez, 14 egunetan 500 kasutik gorako intzidentzia metatua dutenak lau dira oraindik. Bizkaian, Lekeitio eta Bermeo mantentzen dira zerrenda horretan; Gipuzkoan, berriz, Lazkao atera da, Beasainek jarraitzen du eta Zumaia sartu da.

Euskadiko intzidentzia epidemiologikoaren bilakaera kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak azter daitezke, eta pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin-taldeen araberako datuak ageri dira bertan.

Oraingoz ez dago murrizketa berririk

Euskadiko Babes Zibileko Planaren (Labi) Batzorde Teknikoak egiaztatu duenez, egoera epidemiologikoak "oso kezkagarria" izaten jarraitzen du, baina oraingoz, eta datorren astelehenerako aurreikusita dagoen bilera berri batean har ditzakeen erabakien zain, ez du proposatu gaur egungo prebentzio neurriak aldatzea, koronabirusaren hedapenaren aurrean.

Erakunde hori osatzen duten adituek, euskal erakundeei pandemiaren aurkako neurriei buruzko aholkuak emateaz arduratzen denak, azpimarratu dutenez, azken egunetako datuen arabera, kutsatzeen goranzko joera "motela baina etengabea" da.

Adinekoen egoitzen egoera

Arabako egoitzetako 2.600 erabiltzaileetatik lau adineko kutsatuta daude gaur egun, hau da, guztizkoaren % 0,15.

Lau kasu positiboak Gasteizko Ascarza zentroko erabiltzaileei dagozkie; azken egunetan sei egoiliar sendatu dira infekziotik, eta beste bat hil egin da.

Arabako Foru Aldundiak ostiral honetan jakitera eman duenez, Albertia Campus egoitza pribatua covidetik libre geratu da azken egunetan, erabiltzaileetako bat berreskuratu ostean.

Gipuzkoako adinekoen egoitzetako foru sarean ez da pertsonarik hil azken orduetan, baina beste kutsatze bat izan dela baieztatu dute, eta lau pertsona sendatu dira.

Foru Aldundiak jakitera eman duenez, datu horiekin, 64 dira positibo aktiboak foru sarean, sendatutako adinekoak 572 dira eta hildakoak 143, abuztuan pandemiaren bigarren olatua hasi zenetik.

Gaur egun, 14 gaixo daude Eibarko eta Ordiziako pandemiarako erreferentziazko zentroetan.

Kasuak Estatuan

Erkidegoek 25.456 kasu jakinarazi dizkiote ostiral honetan Osasun Ministerioari, horietatik 12.327 azken 24 orduetan diagnostikatuta. Hortaz, pandemia hasi zenetik koronabirusak kutsatutako pertsonen kopurua 2.050.360 da.

Espainian azken 14 egunetan kutsatutakoen batez besteko intzidentziak gora egiten jarraitzen du, hau da, 350,48 kasu 100.000 biztanleko.

Hildakoei dagokienez, Salvador Illak zuzentzen duen sailak 199 gehiago jakinarazi ditu ostiral honetan, 590 azken astean. Hori dela eta, Espainian 51.874 pertsona hil dira koronabirusak jota.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak