Gizartea -
KORONABIRUSA
Covid-19aren kasu berriak 370era igo dira EAEn eta positibo tasa % 7,7ra
Bizkaian 152 positibo berri zenbatu dituzte, Gipuzkoan 138 eta Araban 72. 28 lagun ospitaleratu dituzte, eta 79 pertsona daude gaur egun ZIUn.
I. G. | EITB MEDIA
Covid-19aren pandemiaren positibo tasak goranzko joerari eutsi dio EAEn, % 7,7ra igo baita, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak igande honetan emandako datuen arabera (bezperan % 7,3koa izan zen).
Gainera, atzemandako 370 kasuak bezperakoak baino gehiago izan dira (302), baina proba gehiago ere egin dituzte, guztira 4.836.
Lurraldeka, Bizkaian 152 kasu berri zenbatu dituzte, Gipuzkoan 138 eta Araban 72, eta zortzi positibo EAEtik kanpo bizi diren pertsonen artean.
Ospitaleen egoerari dagokionez, 28 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta ZIUetan 79 pertsona daude gaur egun covid-19arekin, aurreko egunetan baino bi gehiago.
Lau hildako Gipuzkoako egoitzetan
Azken orduetan lau adineko hil dira Gipuzkoako egoitzetan covid-19aren eraginez, baina ez da positibo berririk izan, Foru Aldundiak jakitera eman duenez.
Hiru hildako Aretxabaletako Debagoiena zentroan bizi ziren, pandemiaren bigarren olatuak gogorren astindutako egoitzan, hain zuzen ere. Laugarren biktima Irungo Inmaculada egoitzan bizi zen.
Bestalde, adineko batek eritasuna gainditu eta sendagiria jaso du. Honenbestez, 95 positibo aktibo daude Gipuzkoako egoitzetan. Horietako 34 covid-19a duten pazienteak artatzeko erreferentziazko zentroetan daude: Eibarko ospitalean eta Ordiziako San Jose zentroan.
Bigarren oldea abuztuaren 11n hasi zenetik 139 pertsona hil dira, eta 540k gaixotasuna gainditu dute.
Kutsatzeen beherakada nabarmena Nafarroan
Bestalde, covid-19az kutsatutako pertsona kopuruak nabarmen egin du behera azken orduetan Foru Erkidegoan. Atzo 66 kasu atzeman zituzten 974 proba egin ostean. Hortaz, positibo tasa % 6,8koa izan da.