Gizartea -
KORONABIRUSA
Positibo tasa % 5,7ra igo da EAEn, 410 kasu berri erregistratu ondoren
Aurreko astean % 3 inguruan egon zen tasa, baina Eguberri egunean % 5eko langa igaro du, 7.217 proba egin ondoren.
Mikel Dominguez | EITB Media
Azken orduetan 410 covid-19 kasu berri erregistratu dira Euskal Autonomia Erkidegoan. Aurreko egunean (427) baino apur bat gutxiago zenbatu dira, beraz, baina positibotasun tasa altuagoa da. % 5,7ekoa da.
Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailaren datuen arabera, ostegunean 7.217 proba diagnostiko egin ziren guztira, PCRak eta antigenoak zenbatuta.
Lurraldeka, 218 positibo Bizkaian erregistratu dira, 124 Gipuzkoan eta 63 Araban. Bost kasu EAEtik kanpokoak dira.
Ospitaleen egoerari dagokionez, 39 pertsona ospitaleratu dituzte azken orduetan covid-19agatik, eta zainketa intentsiboetako unitateetan 89 pertsona daude.
Eusko Jaurlaritzak astelehenean emango ditu udalerrien eta R0 indizearen gaineko datuak.
Nafarroa
Nafarroako Foru Erkidegoan 104 covid-19 kasu berri eta % 5,3ko positibo tasa erregistratu dira.