Gizartea -

GABONAK EAE-N

Etxeratze agindua 00:30ean etxera itzultzeko da, ez topaketetarako

Familia afariak hamar lagunekoak izan daitezke Gabon gauean, baina sei lagunetara mugatu dute Urtezahar gauean.

Emakume bat, maskararekin, Gabonetako argiekin apaindutako kale batean. Artxiboko argazkia: EFE
Emakume bat, maskararekin, Gabonetako argiekin apaindutako kale batean.
Gabonetako egun seinalatuetan taberna eta dendek 18:00etan itxi beharko dituzte ateak

1:23

A. S. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gabon gauetik Eguberri gauera eta Urtezahar gauetik Urteberri gauera arte etxeratze agindua 00:30era zabaldu da, familiaren bileren ondoren herritarrak etxera itzuli ahal izateko, eta inola ere ez ondorengo gizarte-topaketak egiteko, Lehendakariaren dekretuak Gabonetako jaiei begira ezarritako muga berriekin ohartarazi duenez. Abenduaren 25ean hamar laguneko afariak egin ahal izango dira, baina Urtezahar gauean seiko muga ezarri dute.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak atzo jakinarazi zituen neurria berriak jasotzen ditu testuak, LABI aholku batzordeak onartu ostean, eta abenduaren 24ko 00:00etan sartuko da indarrean.

Dekretuaren arabera, abenduaren 24tik 25era eta abenduaren 31tik urtarrilaren 1era bitarteko gauetan, pertsonen zirkulazio-askatasunaren muga 00:30ean hasiko da, "soilik etxera itzultzea ahalbidetzeko". "Ordu hori ez da inolaz ere erabiliko topaketa sozialetara joateko", gaineratu du.

Horrez gain, abenduaren 23tik 26ra bitartean eta abenduaren 31n eta urtarrilaren 1ean soilik izango da posible Euskal Autonomia Erkidegotik ateratzea senideekin biltzeko, baldin eta pertsonak senideen edo hurbilekoen ohiko bizilekura joaten badira.

Familia topaketak

Era berean, dekretuan abenduaren 24tik 25era bitartean Eguberrietako bazkariak eta afariak egiteko familia-topaketak hamar lagunetik gorakoak ez izatea zehazten du, eta taldean bi bizikidetza-unitate baino gehiago ez biltzea gomendatzen da. Gainera, unitate horien osaketa ospakizunetan zehar ez aldatzea gomendatu dute, eta arreta berezia izatea egoera ahulean dauden pertsonekin.

Abenduaren 31tik urtarrilaren 1era bitartean, berriz, bazkari eta afariak sei pertsonatara mugatu dira.

Gainera, abenduaren 24an, 25ean eta 31n, bai eta urtarrilaren 1ean, 5ean eta 6an ere, merkataritza-establezimendu guztiek eta ostalaritzako eta jatetxeko establezimendu eta zerbitzu guztiak 18:00etan itxi beharko dira, gasolindegiak, zerbitzuguneak eta farmaziak izan ezik.

Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean eta 6an, 09:00ak baino lehen ezin izango dira merkataritza-establezimenduak ireki, ezta ostalaritzako eta sukaldaritzako guneak eta zerbitzu guztiak ere.

Abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra, kanpinetan abenduaren 28a baino lehen ostatu hartu ez duten bezeroak hartzeko debekua ezarri da.

Kotilioirik gabe

Abenduaren 31n eta urtarrilaren 1ean, 5ean eta 6an debekatuta dago kotilioiak edo edozein ospakizun egitea hotel, landetxe, kanpin edo bestelako establezimenduetan, ezta espazio komunetan, geletan, bungalowetan edo apartamentuetan ere.

Sukaldaritza-zerbitzua duten establezimenduetan, abenduaren 31ko eta urtarrilaren 5eko 20:00etatik aurrera, ostatu hartuta eta behar bezala erregistratuta dauden pertsonei bakarrik emango zaie zerbitzua. Hori bai, jantokiak 23:30ak baino lehen hustu beharko dituzte.

Bazkarietan zein afarietan, mahai bakoitzeko sei pertsona baino gehiago ezingo dira egon, eta gainerako prebentzio-neurriak errespetatu beharko dira edukierari, distantziari eta maskararen erabilerari dagokienez.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia Gipuzkoa Araba EAE albisteak Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuen albisteak Txertoak COVID olatu berria Zer egin daiteke Euskadin? LABI Euskadi