Gizartea -
Eusko Jaurlaritza
Pandemiaren Zaintza eta Kontrol Programako koordinatzaile kargua utzi du Garitanok
Ignacio Garitano Gasteizko Unibertsitate Ospitalean duen lanpostura itzuliko da. Bederatzi hilabetez aritu da osasun egoeraren koordinazio lanetan Osasun Sailean.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ignacio Garitanok Osasun Saileko pandemiaren Kontrol eta Zaintza Programako koordinatzaile kargua utziko duela eta Arabako Unibertsitate Ospitalean duen lanpostura itzuliko dela iragarri du arratsalde honetan osasun egoerari buruzko datuak emateko egin duen agerraldian.
"Arrazoi pertsonal eta profesionaletan oinarrituta dagoen erabaki zaila izan da", adierazi du. Eta bere lanbidea berreskuratzeko eta pazienteekin berriro harremanetan egoteko gogoa duela erantsi du. Bederatzi hilabetez aritu da Osasun Sailean covid-19aren pandemia kontrolatzeko lana koordinatzen.
Denbora tarte horretan Osasun Sailetik eta Osakidetzako lankideengandik jaso duen "konfiantza eta tratua" eskertu ditu. Pandemia kontrolatzeko programa abian jartzea eta koordinatzea "pribilegioa" izan dela nabarmendu du.
Neurriak zorrozteko deia herritarrei
Bestalde, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak kutsatzeak ekiditeko neurriak zorrozteko deia egin die herritarrei, batez ere mugikortasunari dagokionez. Halaber, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egoera "egonkortzen" ari dela ziurtatu du, baina hobekuntza horrek okerrera ez egitea "guztion esku" dagoela gaineratu du.
"Duela bi aste baino hobeto gaude, baina lanean jarraitu behar dugu datuak hobetu daitezen. Beraz, zuhurtzia handiz jokatzeko eta guardian segitzeko deia egiten dugu", berretsi du.
Medikamentuen Europako Agentziak Pfizer konpainiaren txertoari oniritzia eman diola eta, Sagarduik esan du txertaketa kanpaina lehendabiziko dosiak jaso eta berehala hasiko dela Euskal Autonomia Erkidegoan, baina oraindik datarik zehaztuta ez dagoela ohartarazi du.
Europar Batasunak milaka dosi erosi ditu eta herrialde guztietara banatuko ditu, baina EAEra zenbat iritsiko diren ez dakitela esan du. "Galdera asko ditugu argitzeko", erantsi du.
Edonola ere, txertoa eskuratzen dutenean, txertaketa kanpaina hiru lurralde historikoetan aldi berean abiatuko dutela agindu du, eta horretarako beharrezkoak diren baliabideak prestatzen ari direla azaldu du.