Gizartea -

KORONABIRUSA

Covid-19aren txertaketa masiboa aste honetan has daiteke Europan

Sendagaien Europako Agentziak astelehenean eman diezaioke onarpena Pfizerren txertoari eta handik gutxira iritsiko litzateke Europako Batzordearen baimena. 446 milioi europarri eragingo die erabakiak.

Pfizer Biontechen covid-19aren kontrako txertoa. Argazkia: EFE
Pfizer Biontechen covid-19aren kontrako txertoa.
Pfizer Biontechen covid-19aren kontrako txertoa. Argazkia: EFE

EIDER JAUREGI OIARTZABAL| EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren bigarren olatuak gogor astindu du Europa, eta hainbat herrialdetan hilkortasun-tasa lehen olatuan baino handiagoa izaten ari da. Urtarrilean hirugarren olatua ate joka izango dugula aurreikusten dute, gainera, zientzialari eta osasun arloko profesional askok, eta 2021ean argi-printzak ikusten hasteko presa du kontinente zaharrak txertaketa hasteko.

Sendagaien Europako Agentziak (EMA) abenduaren 21ean amai dezake Pfizer eta BioNTech enpresek covid-19ari aurre egiteko garatutako txertoaren ebaluazioa, hasieran iragarritako abenduaren 29ko data baino 8 egun lehenago, hain zuzen ere. EMAren baitako Giza Sendagaien Batzordearen (CHMP) galbahea gainditzen badu, astearen erdi alderako espero da Europako Batzordeak "Baldintzatutako Komertzializazio Baimena" (CMA) ematea.

CMA ez da behin betiko baimena, ordea, eta Pfizer eta BioNTech EMAren baldintza oso zorrotzen zaintzapean geratuko dira. Hala, jarraipen estua egin beharko diote Europar Batasuneko txertaketa kanpainari aurrez agertu ez diren nahi gabeko ondoriorik agertzen ote den ikusteko, gertatzen badira berehala identifikatu eta EMA jakinaren gainean jartzeko.

Oraingoz, beste txerto zein botiketan agertu daitezkeen albo-ondorio arin eta ohikoak bakarrik erregistratu dituzte: nekea, buruko mina, artikulazio zein giharretako mina, sukarra eta molestiak injekzioa jaso den tokian. Askoz gutxiagotan erregistratu dituzte goragalea eta ziztada jaso den tokia handitzea edo gorritzea.

Dena dela, ez dago ikerketa nahikorik hainbat kolektibotan (16 urtez azpikoetan eta haurdun edo edoskitzaroan dauden emakumeetan, esaterako), eta Pfizerrek ikertzen jarraitu beharko du, eta botikan bertan jakinarazi, Europako araudiak eskatzen duen bezala.

Horrela, Bruselan hasia da jada atzera-kontaketa, eta CHMPk ematen duen ebazpenaren zain egon beharra dagoen arren, Ursula von der Leyen Batzordeko presidenteak dagoeneko iragarri du abenduaren 27an hasiko direla txertaketak EBko estatuetan.

Espainiak, Frantziak eta Alemaniak ere data hori jarri dute ofizialki, txertaketa hasteko. Eusko Jaurlaritzak ez du data zehatz bat eman nahi, lehen dosiak noiz eta zenbat iritsiko diren zehatz-mehatz jakin arte. Nafarroako Gobernuak, baina, dagoeneko aurreratu du abenduaren 27a hastea aurreikusten duela.

Estatuko Segurtasun Indarrek babestuko dute txertoa

Belgikatik iritsiko da Pfizerren txertoaren lehen bidalketa, errepidez. Oraingoz ez dute jakitera eman non gordeko dituzten dosiak, eta "bidalketa lekuak eta gordailuak sekretuak izango dira azken unera arte".

Estatuko Segurtasun Indarren zaintzapean egongo dira txertoak eta txertaketa ekipoak. "Garraioa eskoltatu egingo dute, biltegi eta gordailuak zainduta egongo dira, txertaketa ekipoei lagunduko zaie eta Espainian beste txerto batzuk ikertzen ari diren ikerketa zentroak babestuko dira".

Hernaniko Bexen Medical da Pfizer eta BioNTechen txertoak biltegiratu eta kontserbatzeko baldintza egokienak dituen enpresetako bat.

Susana Otegi Bexen Medicaleko Garapen eta Promozio Saileko arduradunak duela aste batzuk azaldu zuenez, euren laborategietan dituzten ultraizozkailuak zeropetik 70 gradura heldu daitezke, eta, ondorioz, txertoak baldintza egokietan gordetzeko gaitasuna dute.

Erresuma Batuak 350.000 dosi jarri ditu jada eta AEBk 272.000

Erresuma Batuak abenduaren 8an ekin zion herritarrak Pfizerren formularekin txertatzeari, eta Matt Hancock Osasun ministro britainiarraren hitzetan, 350.000 pertsonari jarri diete txertoa larunbateko 20:00ak arte.

Ameriketako Estatu Batuetan ere duela 6 egun hasi ziren Pfizerren txertoa banatzen, eta 272.000 pertsona txertatu dituzte jada.

Bihar, gainera, Modernaren txertoa jartzen hasiko dira AEBn, honek ere premiazko baimena eskuratu eta gero.

Europan, berriz, urtarrilaren 6rako espero da EMAk prest izatea Modernaren txertoaren ebaluzioa.

Hego Amerikari dagokionez, asteazkenean iritsiko dira Sputnik V txerto errusiarraren lehen dosiak Argentinara, hegazkinez. Errusian abenduaren 5ean hasi zuten txertaketa-kanpaina txerto horrekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Osakidetza Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Europa Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak Osasunbidea