Gizartea -
KORONABIRUSA
Positibo berrien kopuruak beheranzko joeran jarraitzen du EAEn, eta tasa % 3,3koa da
Ostiralean egindako 12.906 proba diagnostikoetatik 423k eman zuten positibo, aurreko egunean baino 42 gutxiagok.
Mikel Dominguez | EITB Media
423 covid-19 kasu berri izan dira Euskal Autonomia Erkidegoan azken orduetan, aurreko egunean baino 42 gutxiago, eta positibo tasa % 3,3ra jaitsi da.
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren datuen arabera, ostiralean 12.906 proba diagnostiko egin ziren.
Kasu berri gehien (211) atzeman dituen lurralde historikoa izaten jarraitzen du Bizkaiak, eta igoera txiki bat izan duen lurralde bakarra ere bada. Gipuzkoan 138 kasu erregistratu dituzte, eta Araban, 71.
Ospitaleei dagokienez, 47 pertsona ospitaleratu dituzte azken orduetan covid-19aren ondorioz. Zaintza intentsiboetako unitateetan 100 pertsona daude covid-19arekin.
Udalerriei eta R0 indizeari buruzko informazioa astelehenean emango du Eusko Jaurlaritzak.
Nafarroan, 100 covid-19 kasu atzeman dituzte, eta positibo tasa % 4,5ekoa da.