Gizartea -

Koronabirusa

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Gabonetako neurrien plana babestu dute

Bi gobernuek datozen egunetan erabakiko dute nola aplikatzen dituzten arratsalde honetan Osasun Ministerioarekin eta gainerako erkidegoekin adostutako neurriak.

Eusko Jaurlaritzaren bilera bat. Artxiboko argazkia: EFE
Eusko Jaurlaritzaren bilera bat.
Eusko Jaurlaritzaren bilera bat. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak positibotzat jo dituzte erkidegoen arteko Osasun Batzordean Gabonetarako adostu dituzten neurriak.

Besteak beste, erkidegoen arteko mugikortasun baimentzea erabaki dute, senideengana joateko bada; etxeratzeko agindua 01:30ean ezarri dute; eta familia arteko topaketetan gehienez 10 pertsona -umeak barne- elkartu ahalko direla zehaztu dute.

Gotzone Sagardui Osasun sailburua pozik agertu da akordioarekin eta esan du Iñigo Urkullu lehendakariak zuzentzen duen Babes Zibilerako Planaren Aholku Batzordean erabakiko dutela neurri horiek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan nola aplikatuko diren.   

Sagarduik oso garrantzitsutzat jo du pandemiari aurre egiteko neurri murriztaileak mantentzea Gabonetan, datuak hobera egiten hasi badira ere, egoera larria dela ohartarazita.

Horrez gain, sailburuak esan du erkidegoek aurkeztutako proposamenak antzekoak izan direla eta orain gobernu autonomiko bakoitzak bere lurraldeko osasun egoeraren arabera neurriak egokitzeko aukera izango duela azpimarratu du.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak nabarmendu du bileran egin dituen proposamen gehienak jasotzen dituela Osasun Ministerioarekin eta gainerako erkidegoekin egindako akordioak.

Maria Chiviteren exekutiboak abendu erdialdean bilduko da pandemiaren bilakaeraren arabera gaur iragarritako neurriak nola aplikatu erabakitzeko.

"Ordura arte ez dira xehetasunak ezagutuko, baina Estatuko akordioak biltzen dituen neurriak zorrozteko aukera daukagu", zehaztu du.

Amaitzeko, abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra erkidegoen arteko mugimendua baimenduta egongo dela eta, joan-etorri horiek familiarekin biltzeko direla gogoratu du, eta ez aisialdirako edo oporretan joateko.  

  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Nafarroa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak albisteak Gabonak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasunari buruzko albisteak María Chivite Koronabirusa Alarma egoera