Gizartea -
Koronabirusa
Nafarroako tabernetako terrazak berriz ere zabalik
Nafarroako Gobernuaren erabakia "urrats txikitzat" jo dute ostalariek eta abenduko zubirako taberna barruan ere zerbitzua emateko baimena eskatu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako tabernek eta jatetxeek euren terrazak irekitzeko baimena dute dagoeneko. Hori bai, terrazak irekitzeko bi baldintza bete beharko dituzte: bezeroen artean bi metroko segurtasun tartea bermatzea eta mahai bakoitzean gehienez lau pertsona biltzea.
Ana Beriain Nafarroako Ostalarien Elkarteko presidentearen hitzetan "urrats txiki bat" da terrazak ireki ahal izatea eta abenduko zubirako establezimendu barruan ere zerbitzua emateko aukera izatea eskatu du.
"Ostegunetik aurrera terrazak ireki ahal izatea pauso txiki bat da, baina denok abenduko zubia dugu jomugan. Terrazak negozioaren % 30 dira eta taberna askok ez dute irekiko, ez delako errentagarria", dio Beriainek.
Abenduko lehen astean "40 egun beteko ditugu itxita" eta "une egokia izan daiteke establezimenduak irekitzeko". "Ulertezina da ordurako tabernak ezin ireki ahal izatea, eta ekonomikoki ere bidera ezina da", ohartarazi du.
"Egoera honek denbora luzez irauten badu, jende asko ekonomikoki gaizki geratuko da, hilabete bukaeran jatekorik gabe", azpimarratu du.
Gauzak horrela, Nafarroako Gobernuari tabernak segurtasun-neurriekin irekitzeko aukera aztertzeko eskatu dio. "Beste erkidego batzuetan lortu dute birusaren aurkako borroka ostalaritzarekin eta beste zerbitzuekin bateragarri egitea, eta hemen ere ahalegin bat egin behar dugu; izan ere, hilabete daramagu itxita eta ezinezkoa da egoera hau gehiago luzatzea".
Astelehenean, ostalariek kotxe-karabana egin zuten Iruñean barrena, tabernak eta jatetxeak irekitzeko eta sektorearentzako laguntzak eskatzeko. Tuteran, Tafallan eta Altsasun ere izan ziren mobilizazioak.