Gizartea -
koronabirusa
Bizkaiko 2 erresidentziatan 37 positibo atzeman dituzte, baina 23k ez dute sintomarik
Munitibarko Oizpen eta Barakaldoko Vitalitas Santa Teresan egindako baheketen emaitza da hori. Gipuzkoan pertsona bat hil eta 11 kutsatu dira koronabirusarekin; eta Araban, sei kutsatu zentro batean.
agentziak | erredakzioa
Bizkaiko Aldundia Munitibarko Oizpe eta Barakaldoko Vitalitas Santa Teresa erresidentzietan egiten ari den baheketetan 37 positibo atzeman dituzte, horietako 23 sintomarik ez duten egoiliarrenak.
Aldundiko iturrietatik jakinarazi dutenez, Oizpen 97 PCR egin dituzte egoiliarren artean, eta 20k eman dute positibo; horietatik 7k ez dute sintomarik, pertsona bat ospitaleratu dute eta 7 Birjinetxera eta Unbera eraman dituzte.
Langileen artean 53 PCR egin zituzten, eta 7k eman dute positibo.
Barakaldoko Vitalitas Santa Teresa egoitzan 76 egoiliarri eragin zien baheketak, eta horietako 17k positibo eman zuten, guztiak sintomarik gabekoak, bat izan ezik. Gainera, 6 egoiliar unitate berezietara bideratu zituzten.
Zentro horretan 30 langileri egin zieten testa, eta 5ek eman dute positibo.
Atzo, 12 zentro zeuden Bizkaian kutsatutako egoiliarrekin; aipatutakoez gain, hauek: Aspaldiko-Portugalete (8), Aitzea-Gamiz-Fika (7), Olimpia-Bilbo (7), Anai Cantero II-Bilbao (5), Begoñako Ama (3), Aresti-Bilbao kondea (2), Indautxu Gurena-Bilbao (1), Loiu Gurena- Loiu (1), Joxe Miel Barandiaran (1), eta Zorrozgoiti-Bilbo (1).
Gipuzkoa
Adineko pertsona bat hil da eta beste hamaika COVID-19arekin kutsatu dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza-sarean azken orduetan, Aldundiak jakitera eman duenez.
Hildako pertsona Errenteriako Jesusen Bihotza zentroan bizi zen; positibo berri horietatik, zazpi Zorroaga egoitzan (Donostia), bi Julian Rezolan (Donostia), bat San Juan Bautistan (Andoain) eta beste bat Jesusen Bihotzean daude.
Gaur egun, 188 COVID-19 kasu aktibo daude: Bergarako Mizpirualde (1), Alai-Etxe (15), Berra (1), Lamourous (19), Hermano Garate-San Ignacio (1), Txara II (19), Villa Sacramento (1), Bermingham (9), Julian Rezola (9) eta Zorroaga (30) Donostian, eta Zumarragako Argixaon (9), Errenteriako Jesusen Bihotzean (22), Zumaiako Otezurin (1), Hondarribiko San Gabrielen (1), Oiartzungo Petra Lekuonan (1), Beasaingo Arangoitin (23), Andoaingo San Juan Bautistan (21), eta Irungo Anakan (5).
Zazpi dira ospitale-arreta behar duten eta ospitaleratuta dauden pertsonak, eta beste 102 Gipuzkoako egoitzetatik eratorritako COVID-19 kasuak artatzeko erreferentziazko bi zentroetan, Eibarko Ospitaleko gizarte-solairuan eta Ordiziako San Jose zentroan artatzen ari dira.
Pandemiaren bigarren olatuaren lehen positiboak atzeman zituztenetik, abuztuaren 11tik, 119 adinekok gainditu dute gaixotasuna eta 51 pertsona hil dira.
Araba
Gasteizko Ajuria erresidentzian egindako baheketa bati esker, sei koronabirus kasu berri antzeman dituzte bertan bizi diren pertsonen artean.
Atzo, zentro horretan positibo eman zuen zuzeneko arretako langile baten berri eman zuten, etabaheketa orokor bat egitea erabaki zuten erabiltzaileentzat eta zentro horretako langileentzat.
Bestalde, Foru Aldundiak jakitera eman duenez, San Frantzisko Xabierkoa (Arratzua-Ubarrundia) etxebizitza komunitario pribatuan bizi den pertsona batek positibo eman du. Horrela, une honetan kutsatutako pertsonak 45 dira.