Gizartea -
LEGEALDI BERRIA
Lehen mailako arreta indartu eta 4.000 plaza berri eskainiko ditu Osasun Sailak
Legegintzaldi honetarako ildo nagusiak aurkeztu ditu astelehen honetan Osasun sailburuak, eta beste beste, lehen mailako arretaren indartzea azpimarratu nahi izan du.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean azaldu duenez, legegintzaldi honetako osasun-politikek kalitatezkoa, unibertsala eta bikaintasunean oinarrituta dagoen euskal osasun-sistema publikoa sendotzen jarraitzea ekarriko dute.
Iñaki Berraondo Osasuneko sailburuordea, Nerea Uriene Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko sailburuordea eta Rosa Perez Osakidetzako zuzendari nagusia ondoan zituela, Sagarduik bere sailak legegintzaldi honetarako duen esparru estrategikoaren edukia azaldu du.
Osasun sailburuak esan duenez, Sailaren lehenengo erronka pandemiari aurre egiten jarraitzea da. Sagarduik berretsi du koronabirusaren bilakaera "oso kezkagarria" dela, eta Eusko Jaurlaritzak birusaren hedapena geldiarazteko bere esku dauden laguntza material eta pertsonal guztiak jarriko dituela gaineratu du.
Sailburuak atentzio berezia jarri du lehen mailako arretaren alorrean, legegintzaldi honetarako esparru estrategikoaren barruan leku berezia hartu baitu. Horrela, Sailak, alor horretan duen konpromisoa islatu du. Besteak beste, Osakidetzaren Asistentzia Sanitarioko Zuzendariordetza sortzearen alde egin du.
Gainera, langile kopurua handitu egingo dela azpimarratu du, medikuen eta erizainen lanpostu berriak eskainiz. Legegintzaldi honetan, halaber, administrazio-arloak indartuko dituzte, profil berrien aldeko apustua eginez, eta lehen mailako arretako botikarien figura bultzatuko da, ezarritako zerbitzu-zorroarekin.
Gauzak horrela, datozen lau urteetan Osakidetzan 4.000 lanpostu berri eskainiko direla nabarmendu nahi izan du.
Osasun Sailak legegintzaldi honetan egingo dituen beste ekintza batzuen artean, aipatzekoak dira, adibidez, Osasun Publikoaren Lege bat garatzea, 2028ra arteko Osasun Plan berri bat egitea, edota Osasunaren Behatokia abian jartzea.
Horrez gain, Euskadiko Epidemiologia Batzorde iraunkor bat sortu nahi dutela azpimarratu du Sagarduik, baita adinekoen hauskortasunari arreta emateko plan bat ere.